Liburua argitaratu zenetik gelditu ere ez zara egin.
Ematen dudan hemezortzigarren hitzaldia da gaurkoa.
Zu zeu aritu zinen 1981eko Kontzertu Ekonomikoaren hitzarmenaren negoziazioetan.
Ni herritar soil bat naiz. Ez naiz alderdi politiko batekoa edo bestekoa, eta kasualitate baten ondorioz bilakatu nintzen 1980an Ekonomia eta Ogasun Sailburua. 1981ean hitzartu zen zortzigarren aldiz Kontzertu Ekonomikoa eta bertako pasarte asko nik neuk idatzitakoak dira. Hau da, ni naiz izaki horren aita. Nire lana beteta, politika utzi nuen 1984an.
Zure esperientzia idaztea erabaki zenuen orduan.
Sinposio akademiko baten barruan, katedradun batzuei hitzaldi bat emateko deitu zidaten behin eta ikusi nuen inor ez zela lo gelditu, gustura egon zirela nire esperientzia entzuten. Kotxean Bilborantz nindoala bururatu zitzaidan liburu bat idaztea. Nire esperientzia idaztea. Hasiera baten 200 orriko liburu bat izan behar zena 3.000 orriko liburu baten bilakatu zen eta irakurri dutenek diote, Kontzertu Ekonomikoaz inoiz idatzi den lan garrantzitsuena eta osatuena dela.
Erraz irakurtzeko modukoa da gainera.
Anekdota asko ditu, txisteak... Erantzukizun bat hartu dut. Kontzertu ekonomikoa ezagutaraztea da nire asmoa. Euskal herritarren %51k ez daki ezta zer den. Egoera tamalgarria iruditzen zait.
Nola azaltzen duzu, erraz, zer den Kontzertu Ekonomikoa?
Foru sistema tradizional bat da, zeinek erregulatzen dituen zerga eta finantza harremanak Euskadiren eta Estatuaren artean.
Eta zergatik da garrantzitsua?
Kontzertu Ekonomikoaren bitartez iristen zaizulako zuri iristen zaizun guztia; osasuna, hezkuntza, errepideak, Ertzaintza... Hori guztia da Kontzertu Ekonomikoa.
Zure helburua da herritarra gai izatea Kontzertua defendatzeko.
Kontzertuarekin kritiko direnei zer erantzun jakin beharko luke herritar orok. Izan ere, hau ez da paradisu fiskal bat.
Eta, beraz, zer erantzun Euskadi paradisu fiskala dela diotenei?
Paradisu fiskaletan, Panamako paperetan ikusi dugun moduan, pertsona aberatsak daude. Hau izango litzateke munduko paradisu fiskal bakarra non presio fiskala Espainiakoa baino altuagoa izango litzatekeen. Hau da, Madrilen biziko banintz askoz ere zerga gutxiago ordainduko nituzke. Pertsona aberats batek Euskadin Madrilen baino %20 gehiago ordaindu dezake urteko diru sartzeengatik. Madrilen ez da existitzen ondarearen gaineko zergarik eta hemen bai; elkarteen gaineko zerga hemen %28koa da eta Madrilen %25ekoa. Horiek eta beste arrazoi mordoa dago haur paradisu fiskala ez dela arrazoitzeko.