Egun Bergarako Udala, arkitekto talde batekin, Espoloirako aurreproiektu bat lantzen ari da Espoloiko kioskoaren eta jolaslekuaren urbanizazioaren gainekoa. Arkitekto horiek Espoloiko egoera zein den aztertu zuten, eta ikusitakoak ikusita, Udalari gomendatu zioten gainean pisu handirik ez jartzeko.
Bestetik, egunotan udal langileak kioskora ere bertaratu dira, Pentekoste jaietan ohikoa den herriko Musika Bandaren kontzertuko prestaketa lanekin hasteko. Eta horiek ere segituan ohartu ziren bai zutabeak eta baita teilatua ere mugitu egiten zirela, kontzerturako beharrezkoa den tarima osagarria egiturari lotzean.
Segurtasun neurriak inondik inora betetzen ez direla ikusita, Udalak emergentziazko prozedura jarri du martxan eta bihar bertan hasiko dira eraiste lanekin.
Alkateak esan du pena dela kioskoa bota behar izatea, baina segurtasun neurriak derrigorrez hartu behar direla azpimarratu du. Hala ere, gaur kentzen hasi diren hesiak gorde egingo dituzte aurrerago, berriro erabiltzeko moduan izateko.
Hiru aurrekontu eskatu zituzten lanak egiteko, eta azkenean, Excavaciones Arrasate enpresari esleitu zaizkio lanak, 9.500 euroko aurrekontuarekin.
Pentekoste jaietako Udal Musika Bandaren kontzertua beherago jarriko duten agertokian egingo da.
Partaidetza prozesua
Aurrera begira, baina, badute asmoa beste kiosko bat jartzeko bertan. Ez dakite noiz, proiektua ez dagoelako garatuta, eta inguru osoko aurrelan bat besterik ez dutelako, baina asmoa dute gune horretako erabilerak partaidetza prozesu baten bitartez zehazteko.
1924ko kioskoa
Kioskoaren beheko zatia 1924an egin zen eta 26 urte geroago, 1950ean, zutabeak eta teilatua jarri ziren Raimundo Enecoteguik egindako proiektuarekin. Urte hartako maiatzaren 28an inauguratu zuten kioskoa.