TU Lankide aldizkariak zabaldutako informazioaren arabera, Bergarako eta Elgoibarko lantegietan obrak egingo ditu. Bergarakoak 4.500 m2 hartuko ditu lanak amaitutakoan, eta Elgoibarkoak, 2.000. Bigarren horretan 2 milioi inbertituko ditu talde kooperatiboak. Helburua da DanobatGroup-ek makina erremintaren sektorean duen lidergoa indartzea eta munduan lehenengo postu hori lortu eta sendotzea.
Bergarako lantegia ez dago egokituta makineria handiak ekoizteko, eta horretarako obrak egingo dituzte bertan.
DanobatGroup-eko presidente Iñigo Uzinek dioenez, iaz inoiz baino gehiago fakturatu zuen taldeak: 269 milioi euro, hain zuzen ere (2014an, 246 izan ziren).
Lehiakideek baino balio erantsi handiagoa
Uzinen esanetan, DanobatGroupek diseinatzen dituen makinek lehiakideenengandik diferentziatu behar dute, eta haiek baino konplexuagoak eta balio erantsi handiagokoak izan behar dute, eta horretarako handituko dituzte Bergarako eta Elgoibarko lantegiak. Uzinen esanetan, “gero eta makina gutxiago egiten dira, baina diseinatzen direnak gero eta konplexuagoak eta ingeniaritza-lan handiagokoak dira”.
2015ean emaitza ezin hobeak lortu zituen DanobatGroup-ek, besteak beste Australian eta Indian trenbideen sektorean 100 milioiko salmentak lortu zituelako. 2016an, ez du hainbeste fakturatuko, baina eskaera garrantzitsuak ditu. Aurten 250 milioi inbertituko ditu taldeak.