Bertan behera geratuko da Seminarioko eraikinaren eta Arrizuriagaren permuta

Maite Txintxurreta 2016ko api. 29a, 10:00

Gipuzkoako diputazioak 1.107.000 euro emango ditu kultur ekipamenduetarako, eta hala, UNEDek oraingo eraikinean jarraituko du eta Arrizuriaga jauregia Udalaren eskuetan geldituko da

Ohiko osoko bilkura izan zen astelehenean udaletxean. Saioa luze joan zen, eta eztabaida dezente izan zen udal gobernuaren eta oposizioaren artean.

Hasieran, jakinarazpenen atalean alkateak bost edukiontzien sistemaren bidezko hondakinen bilketa sistemaren lehen asteari buruzko balorazioa egin zuen. Aipatu zuen edukiontzi batzuekin arazoak izan diren arren, honezkero konponduta daudela, eta hasierako datuak "onak" direla: "lehenengo bilketan sailkatze desegokia oso txikia izan da, ehuneko bi eta hiru artekoa".

Seminarioko eraikina

Bestalde, alkateak aditzera eman zuen Gipuzkoako Diputazioak 1.107.000 euroko diru laguntza bideratuko duela kultur ekipamenduetarako. Osoko bilkuran onartzea faltako litzateke, eta gero, kultur sailarekin adostuko dute diru hori nola erabili.
Hitzarmen horren bitartez UNED unibertsitatearen eta Udalaren arteko permuta atzera botatzen da. Hala, UNEDek Seminarioko eraikinean jarraituko du, eta Arrizuriagako jauregiak Udalarena izaten segiko du.

Gardentasuna eztabaidagai

Gai horren harira, oposizioak "gardentasun falta" leporatu zion Udal gobernuari. EH Bildutik esan zuten diputazioak sare sozialen bidez zabaldu zuela berria, eta ondorioz, Udal gobernuak bere burua horretara behartuta ikusi duenean bakarrik eman duela gai horri buruzko informazioa. Irabazi ere bat etorri zen EH Bilduk azaldutakoarekin.

Bere aldetik, alkateak adierazi zuen "gardentasun osoz" lan egin dutela, eta nabarmendu zuen azkenengo tokiko gobernu batzarrean eman zuela diru laguntzaren berri, baina oposizioko kiderik ez zela izan bertan.

Candyko langileen mozioa

Lau mozio eraman zituzten asteleheneko bilkurara. Lehena, Candy lantegiko enpresa batzordeak aurkeztutakoa. Udalbatzak aho batez onartu zuten enpresa italiarrak Candy lantegiaren lurren birkalifikazioa galeraztea, bertatik etekinik ezin atera ahal izateko. Era berean, deslokalizazioaren aurka azaldu da udala mozio horren onarpenaren bitartez.

Irabaziren mozioak

Irabazik hiru mozio aurkeztu zituen; lehenengoa, kontratazio eta erosketa publiko berdearen ingurukoa, aho batez onartu zuten.

TTIP atlantikoko merkataritza itunaren aurkako mozioa ere onartu zuten, Irabaziren eta EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJ eta PSEren abstentzioekin.

Memoria historikoa berreskuratzeko mozioa izan zen onartzen azkena. Desadostasun batzuk tarteko, etenalditxo bat egin zuten akordio batera heltzeko. Azkenean, moldatutako proposamena aho batez onartu zuten.
Aiert Lizarralde, Irabaziko zinegotzia, "pozik" azaldu zen bilkuraren amaieran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak