Hamaika urtez martxan egon ostean, Osintxuko Musiraka dantza taldeak agur esango du bihar, zapatua, Bergarako Udal Pilotalekuan eskainiko duten emanaldi bereziarekin, 22:30ean.
"Azkenengo emanaldi potoloa izango da, horrelakorik gehiago ez dugu egingo", azaldu du Amaia Agirrek, sorreratik irakasle aritu denak: "Adinean aurrera goaz eta horrek, neurri batean, mugatu egiten gaitu gauza berriak edo konplikatuak egiteko, eta erabaki genuen azken honekin bukaera ematea gure ibilbide honi".
Ibilbide oparoa
Azken urteotan, Agirrerekin batera, bere seme Manex Alberdi ere aritu da irakasle. Hain zuzen, zapatuko emanaldirako koreografiak gertatzeaz arduratu dena Alberdi izan da.
"Alde batetik, pena ematen du, baina uste dut ibilbide oso aberatsa izan dugula", dio Agirrek. Musiraka "berezia" izan da, bai bertako kideentzako, baita Osintxurendako ere.
Orain, tarte batez atseden hartuko dute, entseatu ere ez dute egingo. Aurrerantzean, hasiera baten, ez dira agertokietara itzuliko, nahiz eta ez duten baztertzen emanaldi puntualen bat edo beste egitea, baina hori "ikusteko dago", azaldu duenez. Zapatukoa bezalako emanaldi handirik, baina, ez dute egingo.
Dantza, musika eta poesia
Hiru diziplina uztartuko ditu zapatuko emanaldi bereziak. Bergarako orkestrako ganbera taldeko kideak musikaz arduratuko dira, Musirakakoak dantzaz eta Uxue Agirrek poemak errezitatuko ditu.
Pilotalekuan eskainiko dituzten dantzei dagokienez, Musirakakoek tradizioa eta berritasuna batuko dituzte, euren estiloan: "Euskal dantzetan dago oinarria, baina, Manexek dantza klasikoa ere egiten duenez, ukitu hori ere izango du", azaldu du Agirrek.
Hain zuzen, Manex Alberdik bakarkako dantza bat egingo du emanaldian, eta hor ikusiko da ikasten diharduena, eta gainontzeko kideena euskal dantzen eta dantza klasikoaren nahasketa izango da, "originaltasuna bilatuz", beti bezala.