Irabazi taldeak hiru mozio aurkeztuko ditu asteleheneko bilkuran

Maite Txintxurreta 2016ko api. 21a, 10:00

TTIP itunaren aurkako, erosketa eta kontratazio publiko berdearen aldeko eta memoria historikoaren berreskurapenari buruzko mozio bana aurkeztuko du Irabazik asteleheneko osoko bilkuran (19:30ean).

TTIP edo Atlantikoan Zeharko Merkataritza eta Inbertsio itunarekin lotuta, Irabazik aurkeztuko duen mozioan eskatzen da Bergarako Udala aipatutako itunaren aurkako izendatzea eta Europar Batasunari zein Espainiako Gobernuari eskatzea horrekin lotutako negoziazioak eta merkataritza hitzarmenak etetea.

"TTIParen egungo negoziazioen ezaugarria da gardentasun gabezia erabatekoa; hedabide handietan albistetzat inolako agerpenik ez izatean islatzen da hori", dio mozioak. "Itun horien helburua da Atlantikoan zeharko merkatu handi bat ezartzea, 800 milioi lagun baino gehiagokoa, Europako eta Ipar Amerikako korporazio transnazional handien nagusigoa finkatuko lukeena, ozeanoko alde bietako herritarren kaltetan. Aldekoek diote onuragarriak direla ekonomia indarberritzeko; baina, egiaz, itun horien asmoa da kanpo lehiakortasun handiagoa lortzea, lan, gizarte, ekonomia, osasun, kultura eta ingurumen arauak murriztuz edo kenduz".

Irabaziren ustez, Europar Batasunaren eta Estatu Batuen arteko muga zergak dagoeneko "oso apalak" direnez,  itunaren muina "legeak ezabatzea" izango da, "multinazionalei kostuak murriztearren": "Hartara, itun honek gizartearen, lanaren, ingurumenaren edota elikagai nahiz osasun segurtasunaren arloko arauak ezabatzea ekar dezake, eta askatasun digitalak ere gutxitu".

Erosketa eta kontratazio publikorako mozioa

 Mozio honetan, Irabazi Bergarak erosketa eta kontratazio publiko berderako politikak garatu ditzala eskatzen dio Udalari.

"Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdea prozesuaren bitartez, agintari publikoak saiatu egiten dira salerosgaiak, zerbitzuak edo obrak eskuratzerakoan horrek ahalik eta ingurumen-eragin txikiena izan dezala produktu horien bizi-iraupeneko zikloan zehar, betiere haien ordez oinarrian xede bererako aurrez eskuratzen ziren beste salerosgai, zerbitzu eta obra batzuekin alderatuta. Kontuan hartzen dira ez bakarrik alderdi ekonomikoak edo teknikoak, baizik eta produktu horiek beren bizi-iraupenaren ziklo osoan zehar duten ingurumen-eragina ere".

Hori dela eta, Irabazik eskatzen du kontuan izatea "eskuratutako material eta produktu guztien ingurumen portaera, kontratuak burutzerakoan erabilitako metodo eta prozedurak, eta  hornitzaileen eta ekoizleen beraien ingurumen-portaera ere."

Memoria historikoa berreskuratzea

Mozio honen bidez, berriz, Irabazik eskatzen du apirilaren 14a, Espainiako Bigarren Errepublikaren eguna, "aldarrikapenerako data bat" izan dadila, eta errepublika garaiko "alkate eta zinegotzi guztiei zein errepublikako legalitatea mantentzeko, monarkia errefusatzeko eta II. Errepublikaren aurkako estatu kolpe frankista gaitzesteko lan egin zuten gizon eta emakume guztiei omenaldia egitekoa".

Horregatik, Irabazik eskatzen du "Bergarako memoria historikoa berreskuratzeko ikerketa bat abian jartzea, zeinetan II. Errepublika garaiko urteak (1931-1939) eta ondorengoak jasoko diren". Ikerketa horretarako aurrekontuetan partida bat bideratzea eskatzen du Bergarako Irabazik.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak