Bere doktore tesian planteatutakoa frogatzeko egin zuen ikerketa Sanchezek, hau da, inteligentzia emozionalaren oinarrian adimenaren teoria dagoela frogatzeko, Mayer eta Saloveyren arabera (teoria hori lehenengoz planteatu zuten adituak).
Ikerketaren emaitzak
Sanchezek azaldu du adimenaren teoria dela gizaki guztiok (autismoa dutenek izan ezik) duten gaitasun bat, zeini esker, "inguruan ditugun pertsonen jarrerak ulertzen ditugun". Honako adibidea jartzen du irakasleak: "pertsona bat semaforodun zebrabide baten ondoan geldirik ikusten badugu, ez gaitu harritzen, badakigulako semaforoa berde jartzeko zain dagoela". "Gaitasun horregatik ez balitz, mundua kaosa irudituko litzaiguke", azaldu du: "Gugan dagoen gaitasun bat da, nahiz eta lau urte ditugun arte ez dugun guztiz garatzen". Aurrerago, bizitzako esperientziarekin gehiago garatu daiteke adimenaren teoria hori.
Inteligentzia emozionala, berriz, labur esateko, "bestearen tokian jartzea" izango litzateke, edota, esaterako, eskerrak ematen jakitea, albokoari laguntzea, liskarrak ekiditeko joera... "Adituen esanetan, inteligentzia emozionala burmuinaren gune kognitiboan dago, eta norbere emozioak erregulatzen ditu".
Inteligentzia emozional altua duen jendeak adimenaren teoria garatuagoa daukala da Sanchezek bere ikerketatik atera duen ondorioa. Ondorio horretara iristeko, galdeketak osatu zituzten Bergarako ikasleek, inteligentzia emozionala neurtzen zutenak batetik, eta adimenaren teoria neurtzen zutenak bestetik. Eta, kasu gehienetan, inteligentzia emozionalean puntuazio altua zutenek adimen gaitasuna ere hala zeukaten, eta baxuagoa zutenek, alderantziz.