Hurrengo egubakoitzean, apirilak 15, topaketa berezi bat izango da Laboratorium museoan: Natur Zientzien arloko herritarren zientzia programak eskualdean? Bertan, boluntarioen zientzia programak izango dituzte hizpide, hau da, boluntario moduan zientzia proiektu batean aritu diren herritarren lana edo laguntza Udalen edo instituzioen mesedetan erabiltzeko programak aurkeztuko dituzte.
Zientzien arloko boluntariotza hori modu desberdinetan garatu daiteke, eta horiek aurkeztuko dituzte egubakoitzean, baita bertako zein kanpoko eredu desberdinak ere.
Natur zientzien arloan formakuntza edo zaletasuna duen oro dago gonbidatuta parte hartzera. Era berean, topaketa honekin neurtuko dute zein aukera egongo litzatekeen Debagoienean era honetako boluntariotza programak martxan jartzeko.
Errekalde parkeko museoan udaberrian zehar ikusgai dagoen Loreak asmatzen: Naturzale Europarrak Euskal Herrian erakusketaren inguruko egitarauaren baitan kokatzen da irteera hau.
Atapuercara irteera
Bestalde, Atapuercako aztarnategia eta Burgosko Giza Eboluzioaren Museoa ezagutzeko txangoa antolatu du apirilaren 16rako (zapatua) Laboratorium museoak, interesa izan dezakeen herritar orori zuzenduta. Egun osoko irteera izango da.
Hilaren 13ra arte eman daiteke izena Laboratorium museoan, hamabost euro ordainduta. Prezio horren barruan autobuseko bidaia eta bi lekuetako sarrera eta bisita gidatuak sartzen dira. Bazkaria, berriz, norbere kasa izango da.
Jarraian, irteera eguneko egitaraua:
09:30 Irteera Fraiskozuri plazatik.
11:30 Atapuerca. CAYAC zentroa.
12:00-13:30 Atapuercako aztarnategira bisita gidatua.
13:30-17:00 Burgosera joan. Bisita librea eta bazkaria norbere kasa.
17:00-18:30 Giza Eboluzioaren museoko erakusketa iraunkorra ezagutzeko bisita gidatua.
18:30-19:00 Aldi baterako “Txalupak & Carretas” erakusketara bisita gidatua,.
19:15 Irteera Burgosetik.
21:00 Bergarara iritsi.