Lizarralderentzat, Bergarako alkate Elena Letek "interes txikia" agertzen du "autobus geltokiko arazoak" konpontzeko, eta hori "arduragabekeria" dela dio. Bai autobus gidariek eta bai erabiltzaileek geltokiak "urteetan konpondu gabe dauden arrisku ugari" dituela adierazi izan dutela dio Irabazik. Geltokia eta Arrizuriaga arteko zebrabidea "oso arriskutsua" dela ere badio koalizioak, eta baita saihesbideko sarrera-irteera ere. Bergarako Irabazirentzat, "autobus, oinezko eta autoen arteko bizikidetza faltak geltokia bailarako txarrenetakoa izatea dakar".
Eta autobus geltokiaren diseinu "integral eta eraginkorra" egiteko "herritarren parte-hartzea beharrezkoa eta premiazkoa" dela dio Irabazik. Aiert Lizarralderen hitzetan, "EAJ-PSE-EE gobernua sortu eta zortzi hilabetera, sinestezina da Bergarak arlo horretan dituen arazoei aurre egiteko oraindik mugikortasun mahai bat ez egotea". Irabazik dio herritarren parte-hartzea "lehentasunezkoa" dela autobus geltokiko erabiltzaileek dituzten "arazoak eta beharrak" ezagutzeko. Irabazi Bergara "txapuza proiektu" deitzen dituenen kontra agertzen da, eta Udalari eskatzen dio "diseina dezala herria herritarren beharren arabera, herritarren parte-hartzea erreminta nagusi hartuta".
Azkenik, Irabazik dio "Udalaren etorkizunerako ikuspegi faltak bergararren diru publikoa behin eta berriz botatzea" dakarrela: "Historikoki, bergararrak ohituta daude behin eta berriz hirigintza aldaketak izatera, proiekzio politiko txarraren ondorioz. Horregatik, Irabazi Bergararentzat premiazkoa eta beharrezkoa da mugikortasun teknikariek lagundutako herritarren parte-hartzea, saihesteko Bergara etorkizuneko helburu gabeko etengabeko obretan egotea".