Zabalik dago atzotik 'Loreak asmatzen: Naturzale Europarrak Euskal Herrian' erakusketa

Monika Belastegi Aranzabal 2016ko mar. 19a, 14:36
Elena Lete alkatea eta Udaleko zenbait zinegotzi azalpenak jasotzen.

Atzo, egubakoitza, arratsaldean inauguratu zuten Udal ordezkariek. Uztailaren 10era arte egongo da ikusgai, Laboratorium museoan eta erakusketa horren harira, udaberrirako programa aberatsa prestatu dute natur zientziak protagonista hartuta.

XIX. mende erdian Euskal Herrian egokitu ziren bi landarezaleen lanetan oinarritzen da egubakoitzetik ikusgai dagoen erakusketa. Pietro Bubani, italiar botanikoa da bata, bizitza Piriniotako landareak jaso eta aztertzen eman zuena. Gurean 1841 eta 1879 artean zenbait ibilbide egin zituen, beti ere, bere
herbarioarentzat landareak jasotzeko helburuarekin; Bubani 1853an izan zen Bergaran.

Bestea Didier Petit de Meurville da. 1857tik aurrera Frantziako kontsula izan zen Donostian eta bere
zaletasunen artean pintura eta landareekiko maitasuna elkartu zituen. Horien emaitza Gipuzkoako florari eskainitako hiru album izan ziren; Petit de Meurville 1866an egon zen Bergaran eta orduko bi marrazki ikusgai daude erakusketan.

Bi pertsonaiok denboran eta espazioan batera egokitzeak eta bien landareekiko maitasuna uztartzean antolatzen da erakusketa. Bertan gure XIX. mendeko flora, zientziaren eta artearen ikuspuntutik aztertzeko aukera dago, bide batez garai hartako gure herriaren egoera aipatuz eta Pirinioen inguruan sortutako, bai ikertzeko zein gozatzeko interesaren aipua ere eginez.

Halaber, XIX. mendean Bergarak botanikarekin izan zuen lotura ere gogoratuko da.

Erakusketaren edukiak eta gaiak:

  • Erakusketak historia, zientzia eta artea ditu oinarri.
  • Panel retroiluminatuek eta objektu originalak dituzten bitrinek osatzen dute erakusketa.
  • Objektu originalak benetan aipagarriak dira. Alde batetik, XIX, mendean Didier Petit de Meurville-k marraztutako Flora de Guipuzcoa-ko laminak daude ikusgai; eta baita, 1866 urtean, artista berak Bergaran eta Arantzazun margotutako paisaia batzuk. Beste alde batetik, Errege Seminarioko herbario historikoko karpeta eta pleguak daude.

Eubalaena glacialis balearen hezurra ikusgai

Erakusketarekin batera, pieza gonbidatuaren gunean Eubalaena glacialis balearen hezurra ere jarri dute ikusgai. Euskal balea Ipar Atlantikoaren alde bietan bizi zen jatorriz, baina mendeetako balea-arrantzak ekialdeko populazioa (Europako kostaldeetakoa) desagerrarazi zuen eta ekialdekoa, gaur egun Ipar Amerikako kostalde atlantikoan bizi dena, asko urritu.

Desagertzeko arriskuan dagoen ugaztuna da gaur egun. Bergarako Errege Seminarioaren zientzia bilduman, Euskal balearen eskeleto bat gordetzen da. Eskeleto horretako hezur bat, isats-orno bat hain zuzen ere, jarri dute ikusgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak