Horiekin batera, goizean zehar, baita musika eskolakoekin trikitilariak eta dantza, euskal hanburgesen dastaketa, txorimalo erakusketa eta zanpantzarrak.
14:30ean herri bazkaria egingo da frontoian, eta 17:30ean umeentzako zezentxoak egongo dira Seminarioko patioan.
Erainen sinadura bilketa eta erraldoiak
Erainek deitutako ekaineko herri galdeketarako sinadura emateko aukera egongo da Erramu Zapatuan. Bestetik, Ximon eta Magdalena erraldoien panpinak salgai egongo dira Munibe plazan.
Zirkulazioan aldaketak eta aparkalekuak
Ibargarai kaleko 4. zenbakitik aurrera kotxez libre egon beharko dira aparkalekuak larunbatean goizeko 06.00etarako. Bertan ganadua jarriko da.
Fraiskozuri kaleko alde biak libre egon beharko dira martxoaren 18an, ostiralean, goizeko 07.30etarako. Bertan postuak jarriko dira.
Erdialdean aparkaleku asko kenduko direnez, ostiral arratsaldean eta larunbatean Ipintza institutuko eta San Martin Agirre ikastolako jolastokiak zabalik utziko dira aparkaleku bezala erabiltzeko.
Bestalde, Ibargarai, Fraiskozuri eta Bideberri trafikoari itxita egongo dira goizean zehar. Beraz, trafiko guztia saihesbidetik desbideratuko dute.
Hori guztia ikusita, garajea dutenei gomendatu die Udalak egun horretan kotxea barrura sartzea eta herritar guztiei ahal den neurrian erdialdera etortzeko kotxea ez erabiltzea, bertako trafikoa oso nekeza izango baita.
Azkenik Udalak gogorarazi du feria egunetan azken urte hauetan lapurrak azaldu direla: "Horregatik eskatzen dugu jende multzo artean poltsak eta diru-zorroak arreta handiz zaintzea".