Demasa Pizzak eta beste Erramu Zapatuan

Erramu Zapatuan pizzak salduko dituzten herriko jatetxeetako ordezkariak.

Kilometroak 2016 Erramu Zapatuko ferian ere izango da. Izan ere, hainbat ekitaldi antolatu dituzte egun horretarako. Goiz parteko feria izan ohi da Erramu Zapatukoa Bergaran, baina arratsalde, iluntze eta gauera begira antolatu ditu Kilometroak 2016k ekitaldi gehienak. 

Umeendako jolasak, Demasa pizzak eta kontzertua izango dira, besteak beste; eta txosna bat jarriko dute. Guztia, Aranzadi Ikastolako jolastokian.

Goizean barrena, ferian ikusgai izango den Demasa behiaren pisua asmatu beharko dute herritarrek. Apustuko euro bat ordaindu beharko da eta asmatzen duenak edo pasatzeke gehien hurbiltzen denak 100 euroko erosketa-txartela jasoko du Kilometroak 2016 dendarako. 

Behia goizeko 10:00etan ipiniko dute ikusgai Aranzadi Ikastolako jolastokian eta 13:30ean pisatuko dute tokian bertan. Ostean emango dute aditzera pisua nork asmatu duen.

Gainerako ekitaldiak bazkal osterako antolatu dituzte. "Arratsalde eta gau partean hutsunea izaten da kalean Erramu Zapatu egunean eta horregatik antolatuko ditugu bazkal ostetik aurrera". Herri bazkaria Udal pilotalekuan, herriko jatetxe eta elkarte gastronomikoetan bazkariak…, talde handiak elkarrekin bazkaltzera batu ohi da Erramu Zapatu egunean. 

Pizzak salgai

Hala, esaterako, 20:30etik aurrera, pizzak jarriko dituzte salgai jolastokian. Herriko pizza jatetxeek jarriko dituzte: Agirrebeñak, Ama miak, Kaik eta Etxagik. 

Honakoa da egitaraua:

  • 10:00: Demasa behia. Ezetz pisua asmatu!
  • 10:00-14:00: Gure Zozketako txartelak, arropak eta zapiak salgai Munibe plazan.
  • 18:30: Umeendako jolasak Aranzadi Ikastolako gimnasioan.
  • 18:30: Txosna irekiko dute jolastokiko karpan.
  • 20:30: Demasa pizzak salduko dituzte karpan, 22:30ak bitartean. Herriko pizza jatetxeekin elkarlanean salduko dituzte eta bakoitzak bi pizza mota jarriko du salgai. Pizza osoak (8,5 euro) ala pizza zatiak (1,5 euro) dastatzeko aukera izango da.
  • 21:30: Kontzertua jolastokiko karpan: Fan & Go. 23:30ak arte.
  • 21:30: Mojitoak salduko dituzte txosnan.

Demasa zapiak

Bestalde, otsailean Kilometroak Txikirako atera zituzten Demasa Zapiak, baina guztiak (500 zapi) agortu egin ziren eta berriak ekarri dituzte. Zapi berri horiek salgai daude, 2 eurotan, Kilometroak dendan eta herriko beste hainbat denda eta tabernatan: Lazkano zapata denda, Dixula, Euxebio II, Pol Pol, Depor eta Ariznoa. 

Erramu Zapatuko ferian bertan ere salduko dituzte. Era berean, Demasa Kilometroak 2016ko arropak eta Gure Zozketako txartelak ere (60.000 euroko saria) salgai egongo dira. Horretarako postu bat jarriko dute Munibe plazan.

Gainera, zapiekin arazoak izan ziren lehen sorta hartan: "garbitzerakoan inprimakia borratu egiten zitzaien zapiei", adierazi dute Kilometroak 2016ko antolakuntzatik. Horren aurrean, honakoa erabaki dute: "Demasa Zapia erosi zenutenok, Kilometroak dendatik pasa zaitezkete akatsa izan duten zapi horiek entregatu eta berriak jasotzera". Hau da dendako ordutegia:

  • Astelehenetik ostegunera: 17:00-20:00
  • Ostirala: 10:00-13:00 eta 17:00-20:00
  • Larunbata: 10:00-13:00

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak