Urtero legez, 10 eta 12 urte bitarteko hainbat neska eta mutil sahararrek bi hilabete Euskal Herrian igarotzeko aukera izango dute, Oporrak Bakean izeneko programaren bitartez.
Errefuxiatuen esparruetan jaio eta hazi behar izan dira haur hauek, halabeharrez. Izan ere, orain dela 40 urte Espainiak, Marokok eta Mauritaniak sinatu zuten itun bat zela medio, Mendebaldeko Sahara Marokoren eskuetan geratu zen eta bertako biztanleak euren lurraldetik bota zituzten.
Orduz geroztik, saharar herriak zerotik hasi behar izan zuen bere eguneroko bizitza, erbestean. Gaur egun, oraindik ere, oso baldintza txarretan bizi dira hainbat errefuxiatu saharar eta oinarrizko beharrak asetzeko kanpoko laguntza beharrezkoa dute.
Egoera horietan bizita, haurren heriotza tasa oso handia da. Hori ikusita, Oporrak Bakean programa sortu zuten, Gipuzkoako hainbat elkartek eta udaletxek bat egin zutelarik. Honi esker, inoiz inor bizi izan ez zen desertutik ateratzeko aukera dute hainbat haur sahararrek. Horrez gain, bi hilabetez ondo elikatzen dira, mediku azterketak pasatzen dituzte eta sendatu beharreko gaixotasunak ere sendatzen zaizkie. Udako egonaldi honetan zehar haurrek osasunean asko irabazten dute eta hori da Oporrak Bakean programaren helburu nagusietako bat.
1986an etorri ziren lehen haurrak Donostiara eta ordutik Gipuzkoako beste zenbait herrietara zabalduz joan izan da programa. Programan hainbat udal eta elkartek hartzen dute parte, tartean Bergarako Udala, Aretxabaletako Udala eta sahararren aldeko Bubisher elkartea.
Edozein profiletako familia izan daiteke egokia haur bat etxean hartzeko eta programatik deia luzatu dute ahalik eta familia gehien animatu daitezen beraien etxeetan bi hilabetez mahaian plater bat gehiago jartzera.
Informazio gehiago eskuratzea edota edozein zalantza argitzea nahi duenak, oporrakbakean@gmail.com helbidera idatzi dezake edo www.oporrakbakean.jimdo.com webgunean sartu daiteke.
Kanpaina martxoaren 31 bitartean egongo da zabalik.