Udalak eta Laboratorium museoak Lokatza ziklismo eskola, Pol-Pol mendizale taldea eta Mendia Bizirik taldearekin elkarlanean antolatu du ekimena. Udalerriko natura guneak balioan jartzeko helburua du egitasmo horrek.
Goizean egingo duten zuhaitz landaketaren helburua lursail horretan berezkoa den Pagadi azidofiloa berreskuratzea da. Hala, landatuko diren zuhaitz gehienak pagoak izango dira, baina horiekin batera urkiak ere landatuko dituzte. Landaketa honekin, Pagola-Loidiko pagadi baliotsua osatzen jarraitzea lortuko luke Bergarak.
Behin landaketa burututa, bertaratuek inguruko fauna sustatzeko jardueran parte hartzeko aukera izango dute. Lehendabizi hegaztien habi-kutxak jarriko dituzte Iturrigorriko eremuan dauden hainbat zuhaitzetan. Habi-kutxak Gipuzkoako Foru Aldundiak emanak dira.
Bestalde, saguzar espezie asko desagertzeko arriskuan dago. Pagolako basoan arriskuan dauden 2 espezie behatu izan dira. Saguzarren kontserbazio arazoetako bat, gordeleku egokirik ez izatea da. Horri aurre egiteko gordeleku artifizialak jarriko dituzte, 12 guztira.
Gorlara autobusez joatea nahiago dutenek herribusa izango dute Burdinaten 09:45ean, eta 13:30ean izango da bueltakoa, ohiko prezioan.
Egitaraua
Zehatz-mehatz, honakoa izango da egitaraua:
09:00 Gorlara oinezko irteera (Fraiskozuritik abiatuta)
10:30-12:15 Natura sustatzeko jarduerak: Zuhaitzak landatzea, hegazti eta saguzarrendako babeslekuak jartzea. Iturriberri inguruan.
12:15 Hamarretakoa Kantina aurrean, parte hartu duten haur eta gazteentzako.
12:50 “XLII. Gorla igoera”. Txirrindulari lasterketaren amaiera.