"Zerbait ezberdina egin nahi genuen, eta uste dut obra horrekin lortu dugula; izan ere, hainbat musika estilo nahasten ditu: tangoa, sanba, bossa nova, balsa... Hego Amerikako, Espainiako eta Portugalgo musikari keinua egiten dio obrak. Orkestra sinfonikoa, gitarra, baxua eta akordeoia ere nahasten ditu, eta horrek oso orkestrazio berezia sortzen du. Abesti guztiak oso entzungarriak eta erritmikoak dira", azaldu du zuzendariak.
Orain dela bi urte sortu zuen Jenkinsek aipatutako obra. "Orkestra eta abesbatzen munduan eskarmentu handiko konpositorea da. Adiemus proiektu edo sagan, aurrez bost lan egin zituen; aukeratu duguna, sortu zuen seigarrena da. Kantuen hitzak ere bereziak dira, ez dira ohiko kantuak; beraz, ez du testurik. Vocalise eran dago idatzita; beste modu baten esanda, kantuak ez daude hizkuntza baten idatzita, asmatutako fonemekin baizik", gaineratu du Biainek.
Dantzariekin egiteko aproposa
Hamabi koloretan, hamabi pieza ezberdinetan dago obra osatuta. "135 laguneko taldea zuzenduko dut. Bergarako Orfeoiko eta Orfeoi Gazteko abeslariez gainera, espresuki ekimen honetarako sortu dugun Ganbera Orkestra ere badago. Hiru bakarlari ere izango dira: Ainara Uribesalgo (kontraltoa), Rafa Moñux (tenorra) eta Nere Ibarra (sopranoa). Argi genuen, baina, ikuskizunak dantzariak eskatzen zituela, eta herriko Candem Town dantza akademiakoei proposatu genien", dio Orfeoiko zuzendariak.
"Gabonen aurretik etorri zitzaidan Karlos Etxaniz, Orfeoiko lehendakaria, ideiarekin. Horrenbeste gustatu zitzaidan, segituan eman nion baiezkoa. Lan handiko garaia izan da, baina guretzako garrantzitsua da beste kultura eragileekin jardutea", azaldu du Olmar Elejagak, dantza akademiako zuzendariak, eta zera gaineratu du: "Lau dantza egingo ditugu: Bollywood ezaugarriak dituen dantza garaikidea da lehenengoa; bals eta flamenko ukituak ditu bigarrenak; Broadwayko musikal baten antza du hirugarrenak; eta azkenekoa tango polit bat da. Askotariko adinetako 40 dantzari amateur gara. Erronka itzela izan da guretzako: ohiko jardunetik aldentzen delako, batetik, eta kantuen iraupenagatik, bestetik; pentsa, zazpi minutuko kantuen koreografiak buruz ikasi behar izan ditugu!".
Sarrerak, aurrez eta leihatilan
Pikupe.com eta Kutxabank.es atarietan eta Pikuperen bulegoan (Artekale 7) eskura daitezke sarrerak. 10 eurotan daude, palkorako eta beheko jarlekuetarako, eta zortzi eurotan beheko aulkietarakoak.