Lasagabaster, 30eko hamarkadan emakumezko gerentea zuen lantegia

Julen Iriondo 2016ko ots. 29a, 09:25
Lasagabaster lantegia, 1960 inguruan. | Bergarako Udal Artxiboa/Juan Idigoras fondoa

Hark sinatzen zituen, adibidez, kontabilitate liburuak, eta halakoak daude Udalari Sañudo-Lasagabasterdarrek egin dioten dohaintzaren artean. "Ematen duena da herriko historiarako beste ikuspuntu bat", dio Arantzazu Oregi udal artxibozainak dohaintzaren garrantzia arrazoitzerakoan.

Udalak dohaintzan jaso du XX. mendeko herriko ehungintza industriako adibide izan zen Lasagabaster enpresako artxiboa –udalbatzak urtarrilean, osoko bilkuran, onartu zuen dohaintza–. "Horko zenbait kontabilitate liburuk-eta duten interesa da, adibidez, 1934an enpresako gerentea nire amona zela, ez zela nire aitona, amona baizik; eta liburu haiek hark sinatuta daude"; hala azaltzen du, geroago, 70eko eta 80ko hamarkadetan, Lasagabasterreko arduradun izan zen Serafin Sañudo-Lasagabasterrek Udalari dohaintzan emandako dokumentuen berezitasunetako bat.

Dohaintza arrazoitzerakoan, berriz, "dokumentazio hori guztia desagertu ez dadin, modu bakarra zentro ofizial baten esku uztea" dela dio, "gorde ditzan, zaindu ditzan eta funts historiko bat egiten joan dadin". Birraitonak –Pedro Lasagabaster, Aramaiokoa jatorriz– martxan jarritako enpresa 1971n –berak ardura hartu zuen urtea– "herrian zeuden 17 ehungintza lantegietako bat" zela dakar gogora Serafin Sañudo-Lasagabasterrek: "Eta orain ez dago bat ere, industria hori desagertu egin da"; haren berri "historialarientzat edo euskal industria aztertu nahi lukeen jendearentzat" behintzat gera dadin nahi izan dute "kontabilitate liburuak, erregistro liburuak" eta abarrekoak Udalaren esku utzita. 

Gordeta eta erabilgarri 

Zentzu horretan berean, Bergararen "iraganeko kontakizuna osatzeko eta aberatsagoa izateko" dokumentazio garrantzitsu jotzen du Elena Lete alkateak dohaintzan jasotakoa: "Artxibo hauen arriskua da galtzea edo leku desegoki batean gordetzea; hau gordeta dago, eta ondo gordeta. Oso inportantea ikusten dugu edukitzea hemen fondo hau, eta eskuragarri egotea; edozein pertsonak edo entitatek behar badu ikustea edo aztertzea, aukera paregabea da". Udal Artxiborako jaso duten dokumentazioaren inbentarioa Udalaren webgunean ere egongo da, edonondik kontsultatu ahal izateko. 

Udal Artxiboak, Udalak berak sortzen dituen dokumentuez gain, bestelakoak ere jasotzen ditu; honela, enpresa edo lantegietakoei dagokienez, Zerrajerako artxiboa –Bergarako lantegikoa–, Movillarena, Narvaizarena eta Eguren tailerrekoa ere baditu. Udal artxibozain Arantzazu Oregik ere balio horixe aitortzen die Lasagabasterreko eta gainerako enpresetako dokumentuei: "Industriako eta ehungintzako artxiboak gorde izan ditugu Bergaran, eta hau beste bat da. Osatzen ditu aurretik ditugunak, eta nik uste interesgarria dela. Ematen duena da herriko historiarako beste ikuspuntu bat, enpresa arloa zela izan den, ze sektore egon diren, zela lan egiten zuten, ze produkzio zuten, ze langile".

Eta ikerketarako bakarrik ez, jakin-min pertsonalak asetzeko ere balio dezakete halakoek, Oregik adibide bat emanaz azaltzen duenez: "Behin etorri zitzaigun gizonezko bat , bere aitonak lan egin zuela Zerrajeran, eta ez zekiela noiztik eta… Etorri zirela Zamorako herri batetik-edo, eta bazekiela hemen jardun zela. Langileen liburuetan agertzen zen. Orduan astero kobratzen zen, ez zen orain bezala; topatu zuen noiz hasi zen kobratzen eta noiz utzi zion, eta lortu zuen jakitea Bergaran ze epetan bizi izan zen, Zerrajera barruan zertan lan egiten zuen… Bere familiako historiarako zen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak