Urtarrilaren batean, desgaitasun arloko kopagoa sartu zen indarrean eta honek orain arteko hitzarmenak berritu behar izatea ekarri duela azaldu du prentsaurrekoan Imanol Lasa foru bozeramaileak, gaur, martitzena. “Orain arte, erabiltzaileek ordaintzen zutena kontuan hartu gabe, prezio bat ordaintzen zitzaien elkarte hauei; dekretu berriarekin, erabiltzaile bakoitzak ordaintzen duena kontuan hartuta, elkarteek eskaintzen duten zerbitzu bakoitzeko tarifa kalkulatzen da, eta diru hori ordaintzen zaie elkarteei”, argitu du. Horrek zerbitzuen prezioak bateratzea ahalbidetuko du, eta aldaketa hau onuragarria izango da erabiltzaile gehienentzat, Foru Aldundiaren esanetan.
Aspacek adimen atzeratasuna, garuneko paralisia edo antzekoak dituzten pertsonak artatzen ditu eta 90 plaza eskaintzen ditu. 6.868.483,91 euro jasoko ditu guztira.
Atzegik 266 plaza ditu adimen urritasuna duten pertsona desgaituentzako egoitza zerbitzuak eskeintzeko. Hitzarmen berriarekin, 5.238.078,47 euro eskuratuko ditu.
Gautenari dagokionez, autismoa edo garapeneko desoreka orokortua duten 60 urtez azpikoentzako 58 plaza eskaintzen ditu, eta 4.329.390,62 euro jasoko ditu.
Fundación Goyeneche elkarteak, azkenik, adimen urritasuna duten eta desgaitasuna duten pertsonentzako arreta eskaintzen du. 1.749.602,24 eurorekin hornitutako hitzarmena sinatu du Aldundiarekin.
Plaza berriak Atzegin eta Fundacion Goyenechen
Gaur adostutako hitzarmen hauek 10 plaza berri sortzea aurreikusten dute; 8 Atzegik Bergaran irekiko duen etxebizitzan, eta beste bi Fundación Goyenechen, Atzegik irekiko duen etxebizitzako erabiltzaileei zerbitzua emateko. “Desgaitasuna duten pertsonei eta euren familiei arreta eta zerbitzu egokiak eskaintzea oso garrantzitsua da gobernu honentzat”, azaldu du Lasak. Gogorarazi du hitzartuta dituen lau plazetatik bat desgaitasuna duten pertsonei zuzenduta dagoela: “Kontzertatutako 9.873 plaza eskaintzen ditugu guztira, eta horietatik 2.544 desgaitasuna dutenei zuzendutakoak dira”.
Desgaitasuna duten pertsonen familien ongizatea bermatzeari ere garrantzi handia eman dio bozeramaileak, “familiek eurek sekulako lana egiten baitute pertsona hauek zaintzeko, eta gure ardura da ere merezi duten atsedena bermatzea. Zaintzailea zaindu esamoldea betetzea ere gure ardura da eta horretarako programa desberdinak daude”.
Aspace, Atzegi, Gautena, Fundación Goyenechek eta beste hainbat elkartek egiten duten lanaren garrantzia ere azpimarratu du: “Ondo baino hobeto ezagutzen dute errealitatea, eurak dira erantzun egokiena emateko gai direnak, eta erakundeok babesa eman behar diogu Gipuzkoan hain garatuta dagoen gizarte eredu honi. Eredugarria den hirugarren sektore honekin lankidetza bermatzea eta sostengua eskaintzea giltzarri da guretzat”, berretsi du.