Hitzaldian jorratuko den gaia azaltzeko, ondorengo testua prestatu dute Etxadikoek:
"Familia egitura berriez hitz egiterakoan, ezinbestekoa da gaur egun gure gizartean dauden familia-egitura desberdinen sailkapena egitea (tradizionalak, adopziozkoak, bananduak, berreraikiak, homoparentalak...). Hala ere, sailkapen horrek ez du esan nahi familien barruan gertatzen diren prozesuak familia tradizionaletan gertatzen diren ez bezalakoak direnik, batez ere familiaren oinarrizko eginkizunei dagokienez eta seme-alabekiko hezkuntzabalioei dagokionez. Haurren garapen psikologikoan eragiten duena eta garrantzia duena, familiatestuingurua eta familia-testuinguru horretan ematen den kalitatezko harremana da. Familia egiturak ez du ezer determinatzen.
Jarraian azaltzen diren baldintzak betetzen dituen familiak hazkuntza prozesua aurrera eramango du zinez. Hauetako faktore bakar edo batzuetan gabezia agertzen duen familiak, tradizionala izanda ere, zailtasunak izango ditu bere seme-alaben hazkuntza aurrera eramateko orduan:
• Segurtasun afektiboa
• Bikotearen eztabaida urriak
• Hezkuntza-estilo demokratikoa: exijentzia eta afektua orekan jartzea suposatzen du.
• Haurrak gurasoekin duen interakzioaren eta estimulazioaren kalitatea: besteak beste, jolasean aritzea, imitatzea, hitz berriak ikastea…
• Frustrazio optimoa: bere adinera egokitutako erronka txikiak eta zailtasunak jartzea, nola edo hala, erronka horien aurreko estrategiak eta konponbideak modu autonomoan garatzeko eta bere lorpenez harro sentitzeko.
Gaiaren inguruko ikerketak argi utzi du familiak modu esanguratsuan eragiten duela haurren garapenean. Eragina ez da seme-alabak gurasoek nahi duten modukoak izatea –pertsonaren garapenean beste eragin asko baitaude–, familia-testuinguruak gizakiaren potentzialtasunak garatzeko eta behar den moduko adimen- eta gizarte-garapenerako baldintzak ematea baino. Hala ere, zalantzarik gabe, familia-mota bakoitzean ezaugarri bereizgarriak daude, eta horiek ezagutzea garrantzitsua izan daiteke, eta hori da hain zuzen, Bergarako kultura etxean, otsailaren 23an, arratsaldeko 18:00etan, Bergarako gurasoentzako hitzaldi-tailerrean landuko dena. Bertan, seme-alaben garapen psikologiko ona zer den partekatzeko eta kontrastatzeko aukera izango dugu eta baita, egunerokotasunerako aholku praktikoak ezagutzeko ere".