Europa Press berri agentziaren arabera, epaiak dio auto saltokiak 149.000 euro ordaindu beharko dizkiola 2011n hil zen bezeroaren familiari. Aurretik, Bergarako epaitegiak, lehenengo, eta Gipuzkoako Auzitegi Probintzialak, ostean, emandako epaiak baliogabetu ditu oraingoan Auzitegi Gorenak. Izan ere, beste bi epaietan auto saltokiari eman zieten arrazoia epaileek.
2011ko uztailean geratu zen. 65 urteko gizonezko bergararra eta honen emaztea, Amillaga auzoko Bergarako auto saltoki baten kanpoaldean zeuden, auto saltokiak erakustoki eta aparkaleku moduan erabiltzen duen jabego publikoko gunean.
Une baten, aparkalekuko ertz batekin estropezu egin eta errekara erori zen 65 urteko gizonezkoa. Hartutako kolpearen ondorioz, handik gutxira hil egin zen, osasun zerbitzukoak berehala bertaratu eta gizonezkoa errekatik bizirik atera bazuten ere.
Aparkalekua jabego publikokoa izan arren, hildakoaren familiak auto saltokiaren aurkako salaketa jarri zuen, hura egin zuelako gunea era egokian edukitzeko erantzule, besteak beste, saltoki moduan erabiltzen zuelako. Bergarako eta Donostiako epaitegiek auto saltokiari eman zioten hasieran arrazoi, baina Auzitegi Gorenak familiaren aldeko epaia eman du oraingoan. Auto saltokiaren jabeek arrazoitu dute bere garaian Bergarako Udalari eskatu ziotela aparkalekuaren ertzean, erreka alderantz, horma bat eraikitzeko baimena, baina honek ukatu egin ziela baimena. Auzitegi Gorenak dio hesia jartzeko ardura auto saltokiarena zela, segurtasuna bermatzeko.