Sarituetako bat egitaraua irekitzeko: Oñatiko Aloña Mendi Espeleologia Taldeak egindako Urzulo izeneko lanak euskarazko pelikula onenaren saria eskuratu du abenduan Bilbao Mendi Film Festival-en. Hainbat tartetan urak hartutako kobaren 45 urteko esplorazioa –amaitu gabea– jasotzen duen filma gidoi indartsuagatik, iluntasunean grabatzearen zailtasunagatik eta ezkutuko lekuak ezagutarazteagatik saritu zuten.
Jaialdi berean urtebete lehenago sari nagusia irabazitakoa da Valley uprising izenekoa. Pelikulak jasotzen ditu hainbat eskalatzaile bohemio belaunaldik Yosemiten bost hamarkadaz egindakoak; eskalada zale ez denari ere gustagarri egingo zaion lan dibertigarria, gai serioez ere badiharduena.
Gainerako ikus-entzunezkoei dagokienez, Pirinioetako hainbat mendi eta hormatan egindako eskalada saioak aurkeztuko ditu Iñigo Andolak; Maite Maiora Aztarnak lanarekin etorriko da, eta Fidel Mendia Europako ekialdeko eski jarduerari buruzkoarekin; egitaraua ixteko, Joxe Ramon Agirre Marron-ek Mongoliako nomaden bizimodua aurkeztuko du, naturarekiko maitasuna eta zaintza oinarri dituen bizimodua.
Bestalde, mugarrien ibilbiderako –Bonbulu-Aizpurutxo-Elosua– izena eman behar da –astelehenean edo eguenean–, Elosutik autobusez jaisteko.