Dekoratuen estiloa eta obraren kontzeptua zeharo librea zuten; baldintza bakarra partituran eta libretoan mozketarik ez izatea zen; hori horrela, XIX. mende erdiko Parisen kokatutako kontzeptu klasizista aurkeztu zutela dio Moñuxek: "Lehenengo dekoratuarekin izan dugu lanik handiena; jauregi baten saloi handi bat da. Lorategi bat da, berriz, bigarrena; lorategiaren hormak, zuhaitzak eta landareak ikusten dira, eta atzean, Bergaran bizi den Ramon Arantzabal arrasatearrak margotutako jauregi baten fatxada ederra dago. Hirugarren dekoratua protagonistaren logela da. Aurretik egindako hainbat dekoratutan oinarritu gara gauza asko egiteko. Zailtasun handiena dekoratuen tamaina handia izan da".
Etxeko aktoreak eta abeslariak
Zuzendaritza artistikoaren ardura ere badu Moñuxek: "Jantziak, argiak, abeslarien mugimenduak, bakarlarien interpretazio estiloa... hau da, taularen gainean ikusten den guztia. Horrek aukera eman dit Mozkorra parregarri operako bost aktore honako honetan sartzeko. Eneko Galdosek, Bergarako Musika Eskolako dantza irakasleak, ere parte hartuko du; Edu Muruamendiarazen laguntzarekin osatu dugu haren koreografia. Era berean, eskola bereko bost abeslari ere aukeratu ditugu operan kantatzeko".