Daniel Laskurain: "Artearen bidez sentimenduetan eragitea da nire helburua"

Maite Txintxurreta 2015ko abe. 18a, 18:24

'Simón, dibujante callejero' nobela grafikoa kaleratu du artista bergararrak, Europan zehar dabilen marrazkilari bati buruzko istorioa kontatzen duena.

Daniel Laskurain (Bergara, 1966) artistak bere lehen nobela grafikoa kaleratu berri du, Simón, dibujante callejero izenekoa. Badira 20 urte Iruñean bizi dela, eta marrazketa eskolak ematen ditu institutu batean. Hala ere, astebururo dator Bergarara, ez du bere herriarekiko lotura galdu. Joan den astean Elkar liburudendan izan zen liburua sinatzen.

Simón, dibujante callejero liburua kaleratu berri duzu. Nolakoa da liburu hori?

Testuak eta marrazkiak daramatza, 45 inguru. Istorio bakoitza autonomoa da, baina guztiak erlazionatuta daude. Nobela grafiko moduko bat da. Istorioaren protagonista marrazkilari bat da, eta Europan zehar ibiltzen da topatzen duen jendea marrazten.

Testuak ala marrazkiek, zerk eman dizu lan handiagoa?

Biek. Batzuetan, testua marrazki batetik abiatuta sortu da: lehenengo erretratua egin dut eta hortik testua idazten hasi naiz; eta beste batzuetan alderantziz. Beste batzuetan, biak batera egin ditut; adibidez, testuan sartu badut "gizonak sudur handia zuen", segidan sudur hori marrazten dut. Guztia batera egin dut, ez lehenengo bata eta gero bestea. Horregatik, nire burua ez dut ilustratzaile moduan ikusten. Nire arte proiektuaren zati bat dira marrazkiak.

Nondik etorri zitzaizun liburu bat idazteko ideia?

Arte ederrak ikasi nituen, eta beti margolari eta marrazkilari izan naiz; baina beti idatzi izan dut, ipuin motzak, adibidez.
Lagun bati egin nion erretratu batetik sortu zen guztia. Gaizki atera zitzaidan, eta lagunak esaten zidan, "hori ez naiz ni". Arrazoia zue, eta pentsatu nuen: "ba marraztutako hau ez bada bera, zein da?", eta hortik istorio bat asmatzen hasi nintzen. Gero, nik asmatutako pertsona baten beste erretratu bat egin nuen, eta beste istorio bat idatzi. Proiektu hau horrela sortu zen, marrazki txar batetik.

Margolaria zarela diozu, baina eskultura ere landu duzu.

Bai. Liburuan gehiago sakontzeko, pertsonaien eskultura txikiak egiten hasi nintzen, eta orain horretan nabil. Hori da proiektu aren alderik orijinalena. Ikusi ditut liburuak marrazkiekin, baina oraindik ez dut ikusi liburu bat marrazki eta eskulturekin.

Zure arteak disziplina ugari uztartzen ditu. Nola deskribatuko zenuke zure lan egiteko era?

Ez dakit... gauza orijinalak egitea gustatzen zait. Bestalde, eta liburu berri honetan ikus daiteke, zenbait kontzeptu txertatzen saiatzen naiz: maitasuna, bakardadea, laguntasuna, elkartasuna... Helburu nagusia jendea hunkitzea da. Nire erakusketa batera datorrena ez dadin sartu den berdin atera, pertsonen sentimenduetan eragitea da nire helburua.

Zure artista ibilbidean hainbat sari irabazi duzu, eta munduan zehar erakusketak izan dituzu.

Bai, nik bizitza osoa daramat honekin; nire aita margolaria izan zen. Urteak pasa ahala, gauzak pilatzen dira; batzuetan sariak, erakusketak... hori zahartzaroa da [barre].

Bergarako eskolako artistatzat daukazu zure burua?

Baietz esango nuke. Adibidez, nire liburuak ez du zerikusirik Simon Arrietarekin, baina protagonistaren izena bere omenez aukeratu nuen. Arrieta nire aitaren maisua izan zen. Bestalde, Arrietak asko baloratzen zuen marrazkia, eta horretan badugu zerikusirik. Zerbait badago Bergaran; Beartek ere lan handia egin du oinarrizko kultura bultzatzen, eskertzekoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak