12.000 bergararretik gora daude deituta hondakinen bilketaren galdeketarako

Maite Txintxurreta 2015ko aza. 28a, 19:17

Goizeko bederatzietatik iluntzeko zortziak arte botoa emateko aukera egongo da herriko bost tokitan. Erantzun-aukerak bi dira: bata, boto-txartel laranjaduna, Atez atekoa, eta beherago, hizki txikiagoz, Gaikako bilketa atez ateko sistemarekin egitea. Beste aukera boto-txartel zurian idatzita dago, eta honako hau dio: 5. edukiontzia, eta txikiz, Gaikako bilketa edukiontzien bidez egitea. 

Azaroaren 29an, etzi, hain zuzen, egingo dute hiri hondakinen bilketa sistemari buruzko herri kontsulta Bergaran. Bertan, herritarrek erabakiko dute ea gaur egungo sistemarekin jarraitu nahi duten edo nahiago duten bosgarren edukiontziaren sistemara aldaketa egitea. 12.344 herritarrek izango dute kontsulta horretan botoa emateko aukera.

Pasa den asteko egubakoitzean eta zapatuan, herri galdeketarako botoa aurretiaz emateko aukera zabaldu zuten, eta 419 bizilagunek botatu zuten.

Botatzeko aukera izango dute 1997ko azaroaren 29an edo lehenago jaiotako herritarrek edo Bergaran 2015eko urriaren 1ean edo lehenagotik erroldatuta daudenak. Nortasun agiria, pasaportea edo gidabaimen originala aurkeztu beharko da.

 

Ordutegia eta lekuak

Domekan 09:00etan zabalduko dituzte botatzeko lekuen ateak, eta 20:00ak arte izango da bertan botoa emateko aukera.

Lekuei dagokienez, hamar mahai izango dira, guztira, herrian, bost tokitan banatuta: frontoian lau, Matxiategin bi, Martokoan bi eta bana Osintxun eta Labegaraietako Ibarra kalean. 

Botoa emateko guneak ohiko hauteskunde politikoetarako erabiltzen diren berak izango dira: Matxiategikoa Boni Laskurain pasealekuko 15. zenbakian dagoen San Martin Herri Eskolaren eraikinean egongo da; Osintxukoa, Osintxu kaleko 14.ean; Martokoa, Martokoa kaleko 22.ean; eta Labegaraietakoa, berriz, Ibarra kaleko 8. zenbakian.  

Mahai bakoitzean hiru pertsona izango dira, mahaiko presidentea eta bi bokal. Guztira, beraz, hogeita hamar pertsona arituko dira mahaietan lanean; batzuk udal langileak eta beste batzuk, berriz, herritarrak.

 

Galdera eta bi aukerak 

Herri galdeketan honako galdera hau planteatuko dute: Bergarako udalerrian, zein kontsideratzen duzu hondakinak gaika biltzeko erarik egokiena?

Aukerak, berriz, bi: bata, boto-txartel laranjaduna, Atez atekoa, eta beherago, hizki txikiagoz, Gaikako bilketa atez ateko sistemarekin egitea. Beste aukera boto-txartel zurian idatzita dago, eta honako hau dio: 5. edukiontzia, eta txikiz, Gaikako bilketa edukiontzien bidez egitea. 

Lehen aukerak irabazten badu, gaur egungo bilketa sistemarekin jarraituko dute bergararrek: errefusa eta organikoa atez ateko sistemaren bidez jasoko dute, eta gainontzeko hondakinak –papera eta kartoia, ontzi arinak eta beira–, berriz, edukiontzien bidez. 

Eta bigarren aukera gailentzen bada, hiri hondakin guztiak edukiontzien bidez batuko dira. Hala, bost edukiontzi egongo dira, eta errefusarena eta organikoarena txartelarekin zabaldu beharko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak