Abenduaren 3an, 19:00etan, udaletxean, kafe-tertulia dinamikarekin, herrian, zenbait esparrutan bideratzen ari diren euskararen aldeko esperientziak ezagutzeko eta horien inguruan berriketa lasaian jarduteko aukera izango da "pintxo batzuen bueltan".
Honako hauek dira esperientziaren helburuak, Bergarako Udaleko Euskara zerbitzutik adierazi dutenez:
- Euskalgintzan dabiltzanen artean elkarren berri izatea.
- Esperientzia positiboei merezi duten aitorpena eskaintzea.
- Ideia berrien eta elkarlanerako aukeren sorleku izatea.
Aurkeztuko diren esperientziak, honako arloetakoak izango dira:
- Enpresetako euskara planak: Matz-Erreka eta Soraluce.
- Epaitegia: Euskara emaileak egitasmoa, Bergarako epaitegiko esperientzia.
- Kirolak: Bergara Kirol Elkartea, bereziki, futbola.
- Merkataritza: Idazlaguna programa, dendetako hizkuntza paisaia euskalduntzeko.
Euskara zerbitzutik adierazi dutenez, nahi duten herritar guztiak daude gonbidatuta ekitaldi honetara.
DJ eta flashmob saioa zapatuan
Baina Euskararen Egunaren bueltan antolatutako ekitaldiak oraingo asteburuan hasiko dira Bergaran. Hala, zapatuan, Gauargi taldearen DJ saioa izango da, Amaia Txintxurretarekin eta Asier Castrorekin, Seminarioko karpan. 17:00etatik 20:00etara.
Bertan, besteak beste, Larre zaharretan Jardunen 25. urteurreneko abestiaren flashmoba egingo dute bertaratuek.
'Euskaldun berria'
Bestalde, Bergarako Udalak, Irizar Jauregiko azkeneko gela Euskaldun berria izendatu du. Zer den? Hemen azalpena:
HAKOBA, Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Politika gaietarako Herri Administrazioen Koordinazio Batzordeak, Euskararen Nazioarteko Eguna aurten herri administrazio guztiek era bateratuan eta ardatz edo lelo berarekin antolatzea proposatu zuen. Ardatz edo ideia nagusi hori da euskaldun berriei aitormena egitea, euskararenganako erakutsi duten atxikimendua eta hizkuntza hori ikasteko egin duten ahaleginagatik.
Errekonozimendu hori bistaratzeko proposatu zena ondorengoa da: herriko gune bat hautatzea (egokien ikusten den espazioa) eta hari Euskaldun berria izena jartzera, abenduaren 3a ospatzeko, udal guztiek eta bestelako Euskal administrazioek aitortu diezaioten euskaldun berriari aspalditik merezitako errekonozimendua.
Hau guztia dela eta, Bergarako Udalak Irizar Jauregiko azkenengo gela Euskaldun berria izendatu dute.