25 urte euskararen alde jardunean Bergara euskaldundu nahian

Mirari Altube Arrese 2015ko aza. 20a, 14:39
Hainbat herritar gogoeta saio batean.

Ez dira egunero betetzen 25 urte, eta merezi duen legez, ospatuko du bihar, azaroak 21, Jardun euskara elkarteak. Elkartearen sorreran izandakoak, ibilbidean elkartutako lagunak, egun batean bai eta hurrengoan ere bai hurbiltzen direnak, eta ahal dutenean esku bat botatzera doazenak elkartu gura dituzte biharko ospakizunean. Baina horiek bakarrik ez, bergarar guztiak gonbidatu dituzte ekitaldiotara, jai handi bat izan dadin.

"Garbi genuen ospatzeko egun bat dela. Horregatik ondo pasatzea beste helbururik ez duen jai handi bat izango da", jakinarazi du Nerea Madariagak, Jardunen urteurreneko koordinatzaileak. Bazkariak elkartuko ditu guztiak pilotalekuan, herritarrek herritarrendako egindako bazkariak. Izan ere, paella lehiaketa deitu dute, eta hamar taldek jardungo du nor baino nor gehiago. "Hala, saltsa apur bat sortuko da gertatu bitartean, eta ondoren paella goxo horiek bazkalduko ditugu". 

Bazkalostea girotzeko bertso doinuak izango dituzte pilotalekuan elkartutakoek. Jarduneko Kopla Barik helduen bertso eskolako kideak izango dira bertsotan: "Jardunek egitura herrikoia dauka eta herritar asko elkartzen dira haren bueltan, ume, gazte zein nagusi. Horregatik ospakizuna ere herrikoia izatea gura genuen, eta guk uste lortzen gabiltzala", dio Madariagak. Helduek bakarrik ez, umeek ere izango dute ondo pasatzeko aukera bazkalostean, ludoteka zerbitzua izango dute-eta.

Arratsaldean, ostera, mosaikoa egingo dute. "100 bat lagun elkartu gura genituzke, eta horiekin klaketa bat irudikatuko dugu. Izan ere, horixe izan da urteurrenean erabili dugun irudia aro aldaketa adierazteko", dio Madariagak.

Ospakizuna borobiltzeko Tolosa aldetik etorriko den Zesuma taldeak doinu dantzagarriekin beteko du pilotalekua. 

Gaztelekuko kideek ere bat egingo dute Jardunen ospakizunarekin. Hala, gaztelekua itxi egingo dute zapatuan, eta horren ordez hiruko saskibaloi txapelketa jokatu Seminarioko patioan, 18:00etan hasita. Izena aurrez eman beharko da; gaur gaztelekuan edo bihar txapelketa hasi baino ordubete lehenago. Musika lagun giro polita izango dela iragarri dute antolatzaileek.

Egitaraua:

  • 12:00 Paella lehiaketa.
  • 13:00 Trikiti-kantu jira, pilotalekuan hasita.
  • 14:30 Bazkaria pilotalekuan (ondoren, ludoteka zerbitzua). 
  • Bazkalostean, bertso musikatuak.
  • 17:30 Mosaikoa.
  • Jarraian, Zesuma taldearekin erromeria.

25 urteotako ibilbidea 

Euskalgintzaren inguruan zebiltzan herritar batzuen ekimenetik sortu zen Jardun orain dela 25 urte. "Kulturaren inguruan, hedabideekin eta gazteekin hasi ziren batez ere lanean, orduan. Baina Jardun gero eta eremu gehiagotara zabaltzen joan da", azaldu du Madariagak. Hala, umeen aisialdian dihardute ludotekaren eta Txapliguren gidaritza hartuta; gazteendako, antzerkia eta beste hainbat ekimen dituzte; eta helduen artean ere lan egiten dute Auzoko dela, Berriketan dela. "Egun, sentsibilizazioak hartu du pisu handia. Izan ere, euskararen beharrak aldatzen joan dira azken urteotan. Eta erabilera bultzatzen dihardugu, Mintzapraktika ekimenarekin, errefortzuekin…". Ildo horretatik doaz azken hilabeteotan antolatutako Idazlaguna ekimena eta liburu truke azoka.  

Atzera begiratu bai, baina beti aurrera egiteko. Hala, gogoeta saioak hasi zituzten iaz, herritarrekin batera, etorkizunera begirako ibilbidea zehazten joateko: "Parte-hartze saio horietatik lantaldeak sortu ziren eta orain talde horiekin jarraituko dugu". Hain zuzen, hurrengo zapatuan, azaroaren 28an, egitekoak ziren hurrengo saioa, antolamenduaren gainekoa, baina atzeratu egin dute; data berria zein den laster jakinaraziko dute.

 

Peio Andrinua: "Bizi-bizirik gaude; egindakoak ospatu nahi ditugu baina aldi berean, aurrera begira gaude"

Martxotik da Jardun elkarteko presidente Peio Andrinua, baina aurretik ere urte asko egin ditu elkartean: "Hamarretik gertuago bostetik baino", dio.

Biharko ekitaldiekin urteurrena behar bezala ospatu gura duzue, ezta?

25 urte behin bakarrik betetzen dira eta Jardun bezalako elkarte batentzat garrantzitsua ikusten genuen denon artean ospatzea. Bergarako herritarrek parte hartzea ere gogokoa ikusi genuen.

Zergatik herri bazkari bat?

Herritar guztiekin ospatu nahi genuke urteurrena. Izan ere, banakako bakoitzari esker egin du elkarteak aurrera 25 urte hauetan. Ia gehienek izan dute noizbait harremana Jardunekin, eta hori guztion artean ospatzeko modukoa dela uste dugu. Gainera, ohitura da mahai baten inguruan ospakizunak egitea. Eta Jardunek ere horrela izate nahi du.

Eta zein da eman gura duzuen mezua?

Jardun bergararrona dela eta denok parte hartu beharko genukeela, elkartea bultzatuz, Bergaran euskara bultzatzen. Bizi-bizirik gaudela, egindakoak ospatu nahi ditugula, baina aldi berean, aurrera begira gaudela.

Mosaikoarekin zer irudikatuko duzue?

Mosaikoaren bidez elkartearen etorkizuna irudikatu nahiko genuke. Bertan osatuko dugun irudiak, klak moduko bat adieraziko du. Klak horrek, orain arteko ibilbidean aldaketa bat irudikatzen du. Eta aldaketa da, Bergarako euskarak gaur egun dituen beharretara egokitutako Jardun osatuko dugula.

Azken urtean gogoeta saioak egin dituzue; zenbat lagun elkartu zarete?

Berrogei lagun baino gehiago batu ginen. Aurretik egindako aurreikuspenak gainditu genituen.

Eta zeintzuk izan dira ondorioak?

Elkarte parte-hartzaile baten beharra sumatu genuen, herritarrekin harreman estua izango duena. Hori dela eta, bertara gerturatutakoen artean, lantalde desberdinak sortu genituen. Lau ataletan lan egitea erabaki genuen (Diskurtsoa, Komunikazioa, Aisialdia eta Sentsibilizazioa). Lan-taldeok martxan jartzen dihardugu orain, eta hauek definituko dute Jardunen etorkizuna.

Zelako osasuna du Jardunek egun?

Osasun ona duela esango nuke. Baina lan asko egin beharra dago, eta indar berriak beharko ditu aurrera jarraitu nahi badu. Eta indar berri hori, jende berriarekin eta horiek ekarri ditzaketen ideia berriekin lortu nahiko genuke.

Nondik joko du orduan, etorkizunera?

Galdera horren erantzuna ez da erraza. Gogoetetatik atera genituen lau lan esparruak izango dira ardatza. Baina hortik norantz joan gaitezken, oraindik aztertzen gaude.

Oraindik beharrezkoa da Jardun Bergaran?

Jardunek badu bere eginbeharra: Bergaran euskara sustatzen. Baina beharbada, orain arte egin izan dituen ekintza batzuk alde batera utzi eta euskararen dinamizazio lanean gehiago zentratu beharko litzateke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak