Mahai-ingurua egin zuten. Manu Muniategiandikoetxea, Bingen de Pedro, Mari Paz Alustiza, Agustin Amasorrain, Luis Laskurain, Riki Azkargorta, Xabier Agirre eta Juanjo Altuna pintoreak batu ziren. Haiekin batera, Simon Arrietari buruzko liburua (Simon Arrieta 1915-1969) berriki argitara eman duen Miguel Angel Elkoroberezibar ikertzailea eta Iñaki Moreno Ruiz de Eguino margolari eta artean aditu donostiarra.
Bergaratik autobusa bete artista bertaratu zen. Bergarako pintore eskolaren fenomenoa izan zuten berbeta gai belaunaldi ezberdineko artistek, makina bat bitxikeria eta gertaera gogoratuz, eta Bergaran pinturarekiko, artearekiko eta kulturarekiko dagoen zaletasunaren gakoak aztergai izan zituzten.
Amaieran argazkia atera zuten mahaiaren bueltan eta ikusleen artean batutakoek. Argazki "historikoa" bultzagileen esanetan, gutxitan elkartu baitira elkartu belaunaldi ezberdineko horrenbeste artista bergarar mahaiaren bueltan. Mahai-inguru edo topaketa horretaz gain, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean zabalik dago oraindik zapatura arte, Simon Arrietaren gaineko pintura erakusketa.
Urriaren 8an ireki zuten 28 olio eta hiru marrazki, batez ere erretratuak, biltzen dituen erakusketa. Zapatura arte egongo da zabalik. Handik Bergarara ekarriko dute erakusketa eta azaroaren 20an irekiko dute Aroztegi Aretoan.