Hau da Jardunaldien biharko egitaraua.
- 10:00-14:00 Robotika azoka eta dron modeloen erakusketa, frontoian
- 11:00-12:30 'Geocaching' ikastaroa, Laboratoriumen.
- 12:00-13:30 'Practice your music', Aroztegin.
Naturan aritzeko aisialdi jarduera da geocaching-a. Internet bidez eskuratutako koordenadekin, ezkutuan dauden cache edo altxorrak aurkitzea da kontua. GPS gailu bat edo funtzio hori ere baduen tresna –smartphone-a...– behar da jarduera honetarako. Eta hazten ari da geocaching-a: 2.700.000 altxor baino gehiago daude munduan ezkutatuta, horietako batzuk Euskal Herrian, eta sei milioi zaletik gora daude erregistratuta.
Ikastaroaren ostean, ikasitakoak praktikan jartzeko aukera egongo da. Izan ere, Bergara inguruko gerriko berdean sei bat cache ezkutatu dituzte urrian, eta www.geocaching.com helbidean iragarriko dituzte horiek. Parte-hartzaileek abenduaren 6ra arte izango dute cache-etan aurkitutako txartelak Laboratoriumeko harrerara eramateko, eta hori egiten dutenak opari baten zozketan sartuko dira. Edonork parte har dezake jardueran.
Dron modeloen erakusketa
Drona, gidari gabeko aireko sistema da. Gaur egun, erabilera ezberdinak ditu eta epe laburrean lortutako ospearen ondorioz, etorkizunerako ere erronka ugari izatea aurreikusten da. Gaur egunean zehaztasunezko nekazaritzarako, pertsonei jarraipena egiteko edo erreskate-lanetarako erabiltzen dira, adibidez.
AUVSIren ikerlan batek aurreikusten du 2025erako Europan 100.000 lanpostu berri sortuko dituela industria berri honek.
Zapatuko ekintzekin amaitzeko, Practice your music izenekoa egingo dute Aroztegin. Musika praktikatzeko Euskal Herrian sortutako software-aren erakustaldia izango da Aroztegikoa.
Astean ere ekintza ugari
Prozesu industrialen monitorizazioari buruzko saioa egingo dute martitzenean Miguel Altunan; barnetegi teknologikoa, eguaztenean, Lasan; pintxo-wifi-a eguenean; eta merkatarientzako eta herritarrentzako formazio saioak egingo dituzte aste osoan.