Zientziak eta umoreak bat egin dute 'Wolfram deuna' ikuskizunean

Maite Txintxurreta 2015ko aza. 5a, 13:52
Josu Lezameta zientzialaria, bakarrizketan

Bergarako zientzia astearen baitan, Wolfram deuna: ekitaldi fisiko, kimiko, analogiko eta antologikoa izeneko saioa egin zuten atzo pleno aretoan, Elhuyar fundazioaren eskutik. Bertan, zortzi pertsona atera ziren bakarrizketak egitera, guztiak zientzialariak edo zientziarekiko lotura estua dutenak euren lanean. Zientziaren gaia hartuta, aretoan bildutako jendeari barre egin erazi behar zieten, eta bakoitzak bost minutu izan zuen horretarako.

Alaitz Otxoa de Eribe, Elhuyarreko kidea eta zientzia.eus webgunearen arduraduna aritu zen aurkezle lanetan. Hizlariak, berriz, Ibon Cancio, Koldo Gartzia, Ines Garmendia, Josu Lezameta, Josu Lopez-Gazpio, Uxune Martinez, Amaia Portugal eta Idoia Torregarai izan ziren.

Pleno aretoa bete egin zen ekitaldirako, eta bertaratutakoek, berrogeita hamar pertsona baino gehiago, barre ugari egin zuten egun batez umorista bihurtutako zientzialariekin. Besteak beste, Ergelen Teoria edota zientzialari eta kazetarien arteko erlazio konplikatua izan zuten hizpide, proiektoreko irudi xelebreez lagunduta. Ekitaldiak ordubete pasatxo iraun zuen, eta horren ostean luntxa egin zuten.

Zientzia, gertuago

Antolatzaileak eta parte hartzaileak pozik zeuden saioaren amaieran ikusleengandik izandako harreragatik. Bigarren bakarrizketa egin zuen Josu Lopez-Gazpiok, Kimika aplikatuan doktorea eta EHUko irakaslea denak, esan zuen "zientzia herritarrei gerturatzeko modu berri eta polita" izan zela Wolfram deuna.

Alaitz Otxoa de Eribe aurkezle eta arduradunak azaldu zuenez, saioa egiteko Bergara aukeratzearen arrazoia Elhuyar anaiek Wolframioa isolatzea bertan lortu zutela. Euskal Herriak elementuen taula periodikoari eginiko ekarpen bakarra da wolframioa; hori dela eta, elementu hori "jainkotu" egin nahi izan dute Elhuyar fundaziotik.

Zapatuan, egun handia

Zapatuan, azaroak 7, Zientzia astearen baitako egun handia izango da. Goizean zehar, zientzia eta teknologiarekin loturiko hainbat ekintza eta tailer izango dira: Geocatching, Practice your music, Robotika azoka, Droneen erakusketa...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak