Ipintza Institutukoen ekintza, 'Auzolanartea'-n

Julen Iriondo 2015ko aza. 2a, 14:41

Pasa zen ostiralean, urriak 30, Bergarako Ipintza Institutuko 16-17 urte bitarteko 27 ikaslerekin Auzolanartea-n ekintza gauzatu zuen Garaion Naturarteak. Artelan aldarrikatzailea egin zuten Ipintzako neska-mutilek.

Hasteko, asanblada baten bidez eta dinamika ezberdinez lagunduta, gazteen kezka eta interesak jaso zituzten eta, guztion artean, mezu bat adostu zuten. Ondoren, Usondoko parkera joan eta interbentzio artistiko bat egin zuten, natur elementuak erabilita (zumea, belar fardoak, hostoak, harriak, lurra...).

Oraingo honetan, Ipintzako gazteek sortutako arte-lanak Arrazismoa Stop festa izena dauka. Bergarako herriari adierazi nahi izan diote 16-17 urte bitarteko gazteentzako espazio eta aukerak falta direla (lokala, aisialdi aukerak, festak ….). Hori adierazteko, festa irudikatu dute, haientzako sortutako espazio batean. Baina gazte hauek gizartera begirako kezkak ere badituzte, eta beraien festak edukiz beteak izatea nahi dute, horregatik, Arrazismoari Stop leloa jendarteratzeko festa irudikatu dute.

Arte lanak atal ezberdinak ditu: batetik, adar eta lasto fardoekin eraikuntza bat sortu zuten beraien adinerako espazio bat irudikatuz. Inguruan, festa irudikatzeko elementu ezberdinak sortu eta jarri zituzten: diskoteketan edo festetan egoten diren bolak; banderatxoak;… Etxolaren aurrean, berriz, mosaiko bat egin zuten elementu ezberdinak erabiliz (kolore ezberdinetako hostoak, lastoa, adarrak…) eta DJek erabiltzen duten pintxatzeko diskoa irudikatuz. 

Auzolanartea-n programaren bidez, Garaionetik gazteekin auzolan natur-artistikoa egiten dute, helburu ezberdinak landuz: "Gazteen sormena piztu eta haiei sinestarazi denok garela sortzaile; gazteen parte-hartzea sustatu; auzolana edo elkarlana sustatu; gazteei herrian protagonismoa eskaini eta haien ideiak kaleratzeko bideak eskaini... Gazteak dira, zalantza barik, etorkizuneko protagonistak, hori dela eta, haiei barruan dituzten ideiak, kezkak eta mezuak kaleratzeko aukera, konfiantza eta espazioa eskaini nahi dizkiegu Auzolanartea-nen bidez. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak