Hona hemen, Bergarako EAJren Uri Buru Batzarrak hedabideetara igorritako oharra, osorik:
"Bergarako Udal Gobernuak, Hondakinen Gaikako Bilketan erabiliko den sistema aukeratzeko, kontsulta egitea erabaki du. Bergarako EAJ-PNVk ondorengoa azaldu nahi du:
- EH Bildu-Aralarri, Udaletxeko Gobernuan egon diren azken lau urteetan, behin eta berriz eskatu zaie herri kontsulta egitea. Beraien erantzuna beti ezetza izan da.
- Bergara Garbia plataformak antolatutako kontsulta babestu eta bultzatu genuen. Bertan jasotako emaitzak argi eta garbi adierazi zuen 5. edukiontziaren aldeko eta atez atekoaren kontrako herritarren iritzia.
- Gure Udal programan 5. Edukiontzia zela gure eredua eta herritarren nahia errespetatuko genuela esaten genuen.
- Bergaran, behin ere ez da egin Udalak antolatutako herri kontsultarik. Beraz, Hondakinak Gaika biltzeko sistema egokiena zein den kontsulta bidez erabakiko dugu herritarrok eta hau posible da EAJ-PNVk zuzentzen duelako Udal Gobernua eta horrela erabaki duelako. Kontsulta egiteak, gobernatzeko eta herritarrekiko harremanetan beste eredu bat erakusten du eta, nola ez, EAJ-PNVren erabateko babesa du.
- Laster batean ospatuko den kontsultan, 5. edukiontziaren aldeko botoa eskatuko dugu. Hondakinen Gaikako Bilketan emaitza berdinak lortzen direlako eta merkeagoa, garbiagoa eta guztiontzat erosoagoa delako. Herritar guztiei dei egiten diegu aipatutako kontsultan parte har dezaten".