Hogei pertsonatik gora bildu zen atzo arratsaldeko zazpietan Mexikoko Igualan desagertutako 43 ikasleei buruzko dokumentala ikustera. Iazko irailaren 26an hiri honetan izandako gertakariak eta Gobernu Federalak haietan izandako erantzukizuna erakusten ditu ikus-entzunezkoak. Egun hartan, polizia eta ejertzitoa diru-bilketa bat egiten ziharduten gazteen kontra oldartu zen, eta sei hildako, hogeitik gora zauritu eta 43 desagertu utzi zituen gertakari hark.
Dokumentalak, besteak beste, bertan zeuden eta bizirautea lortu zuten bi ikasle normalisten testigantzak batzen ditu. Gertakarien harira herrialdean izandako protesta eta mugimenduak ere erakusten ditu filmak.
Ayotzinapa, crónica de un crimen de estado ikusi ostean, gaiari buruzko solasaldia izan zuten Kartzela Zaharrean bildutakoek, ondoren kontzertua eskainiko zutenen parte hartzearekin.
Mexicana Clandestinaren kontzertua
Alita Spinoso Mexicana Clandestina buru duen taldeak gaztetxean bildutako guztiak dantza jarri zituen gauean. Hamaikak pasatxo zirela hasi zen kontzertua, eta giro ederrean eman zituzten ia bi ordu. El balcón de Moras izeneko disko berria aurkeztu zuten atzo.
Mexiko, Euskal Herria, Brasil eta Venezuelako jendeak osatu zuen atzo taula gainera igo zen boskotea, eta kantutik kantura abeslariak elkartasun internazionalistaren aldeko mezuak plazaratu zituen, eta umorea ere ez zen falta izan. Mexikoko musika herrikoia eta doinu dantzagarriak jo zituen boskotean, eta ikusleek bete-betean egin zuten bat haiekin. Euskaraz abesten ere ausartu zen Spinoso; Mikel Laboaren Martxa baten lehen notakekin kantuan jarri zuen gaztetxe osoa. Bukaeran, ikusleek abesti gehiago jotzeko eskatu zieten, eta aurrez prestatzeke zituzten kantuak ere jo zituzten azkenean.
Kontzerturako sarreraren prezioa bost eurotakoa izan zen, eta dirua Ayotzinapako ikasleen aldeko mugimenduarentzat erabiliko da.