Simon Arrietaren ibilbide biografiko eta artistikoa biltzen duen liburuaren lehen aleak irten dira inprentatik dagoeneko. Migel Angel Elkoroberezibar bergararrak 192 orritan bildu ditu, besteak beste, 60 elkarrizketatatik jasotako testigantzak, sasoi askotariko argazkiak eta artistaren 150 margolan.
"Bizirik dagoen liburua"
"Hasieratik oso garbi neukan ez zela katalogo soil bat izango. Arima izango zuen liburua nahi nuen, bizirik dagoena", dio Elkoroberezibarrek, eta azaldu du dokumentazio prozesua "oso luzea" izan dela. Idazteko, "arte munduan jantzi" beharra izan du, eta uste du liburuari esker Simon Arrietak Euskal Herriko panorama artistikoan "bere lekua berreskuratzea" lortuko duela.
"Arrietak, Parisen aritu eta Madrilen 50eko hamarkadako lehenengo urteetan izugarrizko arrakasta lortu arren, bere gogoz nahiago izan zuen jaioterritik ez aldendu", dio Elkoroberezibarrek, eta, horregatik, Bergarako udaletxeko batzar aretoan egingo du liburuaren aurkezpen ofiziala, eguaztenean, 19:30ean.
"Biziki" maite zuen bere herria
Idazlearen hitzetan, Arrietak "biziki" maite zuen bere herria, baina baita herriak bera ere. "Arrietak bere zaletasuna zabaldu izana da haren meritu handia, bere estudioa ireki baitzien probintziako gazte, margolari eta zale askori", azaldu du. Pintoreak egindako lanari esker, gainera, haren ikasleetako askok, maisu bihurturik, "Bergarako pintore eskolari segida" eman diotela ere esan du Elkoroberezibarrek.
15 eurotan salgai
Bergarako Udalaren eskutik argitaratuta, eta Bearten eta Foru Aldundiaren laguntzarekin, Simon Arrieta 2015-1969 liburuaren 1.000 ale kaleratuko dituzte. Salneurria 15 euro izango da eta Elkar dendetan, Bergarako kultura etxean eta Laboratorium museoan erosi ahal izango da, baita aurkezpenean bertan ere.
Erakusketa ere prest
Erakusketa Koldo Mitxelenan
Liburuaz gain, Arrietaren 32 obraz –29 olio-pintura eta hiru marrazki– osatuko erakusketa ere aterako dute argitara. Hain zuzen ere, urriaren 8an 19:30ean inauguratuko dute, Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean, eta azaroaren 14ra arte egongo da.
Azaroaren 20tik abenduaren 20ra, berriz, Bergarako Aroztegi aretoan izango da ikusgai.