"Aurreikusita geneukan muga gainditu egin dugu". Halaxe esan du Iñaki Irizar, Laboratorium museoko teknikarietako batek. Lehen Maratoi Ornitologikoan parte hartzeko, museoak bi talde sortu zituen Debagoienean barrena hegaztiak idenfifikatzen aritzeko. Helburua 24 ordutan ahalik eta espezie gehien identifikatzea zen, eta atzo, zapatua, bitartean, 50etik gora espezie ikusi zituztela aurreratu zuen Irizarrek.
Bailarako bi taldeetako baten aritu zen bera: Urkulu, Aloña, Mendiola, Araotz, Orkatzategi, Ugastegi, Arantzazu... ibilbide luzea egin zuten. Astelehenean batuko dira bi taldeak eta orduan jakingo dute guztira zenbat eta ze hegazti-espezie identifikatzea lortu dute maratoian.
Datorren asteburuan familiendako
Datorren zapatuan, urriaren 10ean, familiendako ornitologia tailerra antolatu du Laboratorium museoak, Lehendabizi, laborategian, hegaztien morfologiara hurbilpena egingo da haurrekin; inguruko hegazti arruntenen ezagutza landuko da koaderno-gida txiki baten laguntzarekin. Ondoren, Errekalde jauregiko lorategian ibilalditxoa egingo dute parte-hartzaileek, hegaztiak behatzeko prismatiko eta teleskopioarekin; eta amaitzeko ,hegaztiendako gordelekuak diren kabi-kutxak egingo dituzte haurrek.
Tailerra lehen hezkuntzako haurrentzat da egokia, taldeak adinaren arabera antolatuko dira eta txikienak gurasoekin etorri joan daitezke, zientzia zaletasun hori jarduera familiar gisa gozatuz.
10:00etatik 13:00etara izango da. Eskualdeko haur guztientzat irekia da eta dohainekoa da. Izena emateko eta informazio osagarria eskuratzeko museora deitu behar da (943 76 90 03) datorren eguena, urriaren 8a, baino lehen.