Ezer baino lehen, zorionak! Zer moduz zaude?
Pozik, oso pozik. Zinemaldia txukun joan da eta oso gustura gaude jasotako sariarekin, baina, batez ere, jendeak egindako harrera onarekin. Ikusleak pozik eta hunkituta atera dira zinema aretotik, eta, azken batean, hori da garrantzitsuena.
Euskal Zinemaren Irizar saria jaso duzue; ze garrantzi ematen diozue horri?
Ondo etortzen da sariak jasotzea, eta, egia esan, asko poztu nau, errekonozimendu puntu bat ematen dutelako. Ongietorriak dira, baina ni ez naiz horren zain egoten. Niretako, saria baino garrantzitsuagoa da jendeak pelikula nola hartzen duen ikustea eta jendearen berotasuna sumatzea.
Izan duzu aukerarik beste filmak ikusteko?
Gehienbat, lanean ibili naiz, kazetarien galderak erantzuten, eta estreinaldira begira ere bilera dezente izan ditugu. Beste zinemaldi batzuetarako prestatzen ere aritu gara, eta kanpoko banaketa antolatzen. Horregatik, pelikula gutxi ikusteko aukera izan dut, baina kusi ditudanak oso gustura ikusi ditut. Nabarmenduko nuke Truman, asko gustatu zaidalako. Euskaldunik ez dut ikusi, baina zinemetan estreinatzen direnean ikusiko ditut.
Amama Europara zabaltzeko helburua zenuten Donostiako Zinemaldian; zer moduz joan dira harremanak banatzaileekin?
Espainiako Estatuan lotuta daukagu dagoeneko banaketa, Golem -ekin, eta, gainera, Zinemaldi ostean segituan estreinatzeak lasaitasuna ematen du. Pelikula kanpoan banatzea, ordea, ez da oso erraza izaten. Hala ere, izan dugu harremana banatzaile turkiar batzuekin eta suediar batzuekin ere bai, baina, batez ere, sortu diren aukerak izan dira pelikula jaialdietara bidaltzekoak. Urriaren 23an bertan Erromako zinema jaialdi garrantzitsu batean lehiatuko gara, eta hori izango da Europako zinemaldietan Amama ikusteko lehen aukera. Ondoren Frantziara, Marokora, Txekiara eta AEBetara joateko gonbidapenak ere jaso ditugu; horrenbestez, pelikula mugitzen hasi dela esan daiteke.
Zinemaldiarentzako esker hitzak izan zenituen ahotan saria jasotzean.
Jose Luis Rebordinos beti egon da gure gainean, zer egiten ari garen galdetzen, eta beti geure lanen zain. Konfiantza horrek asko laguntzen du pelikulak egiteko orduan, ziurtasuna ematen duelako. Momentuan ez nuen aipatu, baina Kimuak egitasmoak eta Txema Muñozek berak ere asko lagundu digute ibilbidean.
Loreak Oscarretarako bidean dela jakin berri dugu. Zer sentimendu sortzen dizkizue horrek?
Asko pozten nau, lagunak direlako, eta euskaraz egindako pelikula batek bide hori hartzea oso gauza ederra da.
Esperantza berriak sortzen ditu albiste horrek Amama-rentzat?
Loreak bidea zabaltzen ari da eta gu atzetik goaz. Ez bakarrik Zinemaldian izan zuen harreragatik; mundu osoan zehar ezagutzen dute dagoeneko euskal zinema, eta orain, eurek ateak zabaldu zituztelako joango da Amama zinemaldi askotara. Hortaz, albiste ona baino ezin da izan guretzat.
Filma bailaran erakustea pozgarria izango da, ezta?
Bai, noski. Gainera, Arrasateko emanaldian egoten saiatuko naiz estreinaldi egunean. Dena den, pena ematen dit filma Bergaran estreinatzeko behar bezalako aretorik ez izateak.