Tradizioa eta modernitatea, usadioen pisua, belaunaldien arteko talka... Asier Altunak edozein kulturatan eztabaida sortzen dituzten kontzeptuak guregana ekarri ditu, baserri baten sartu eta kontakizun unibertsal bihurtu ditu.
Amama euskal tradizio eta klixeetan galduko zela uste zutenek sorpresa atsegina eroango dute. Abentura berri honetako patroia bera Altuna izan den arren, Telmo Esnal eta Michel Gaztanbide bide lagun izan ditu. Horrez gainera, aktoreen lana ere borobila da. Ander Lipusen eta Nagore Aranbururen gainetik, Iraia Eliasen eta Amparo Badiolaren lanak azpimarratuko nituzke. Bi emakume hauek dira istorioaren aingura, eta lan horretan biak bikain aritu dira.
Argazki landua
Istorioa ez ezik, zuzendari bergararrak arlo teknikoa ere izugarri zaindu du. Plano bakoitzak bere atmosfera propioa dauka, eta, horri esker, kontakizuna errealagoa da. Musikak ere kontakizuna ederto janzten du.
Askok Loreak filmaren oinordekotzat hartu dute Amama, baina ez dago antzekotasunik. Niri bigarren hau gehiago gustatu zait. Orain epaimahai ofizialari dagokio erabaki bat hartzea, eta ondoren, ikusleei zinematara joatea.