Hogei pieza ekarri ditu Bergarara, baina erakusketaren inaugurazio unera arte ezingo da jakin horietako zenbat izango diren ikusgai. Izan ere, eskultoreak erakusketa aurrez planoaren gainean antolatu arren, aretoaren arabera antolatu ohi ditu obrak. “Espazioak asko baldintzatzen du obra baten pertzepzioa”, dio, eta, horregatik, Aroztegin bertan erabaki du zein pieza eta nola erakutsi. Horrela, obrak erlazionatu nahi izan ditu Andak, erakusketari osotasuna emanda.
3 urtez itzalean, baina lanean
Bilboko Artes Ederren Museoan azken bakarkako agerraldia egin zuenetik, lanean jarraitu du artistak; izan ere, eskulturgintzari dagokionez, gaztetan hasi zenean zuen interes eta ilusio bera gordetzen dituela aitortu du. “Burutik pasatzen zaizkidan ideiak erronka gisa hartu, eta obra bihurtzen ditut”, azaldu du.
Filosofia horri jarraituz, azken urteetan bost pieza sortu ditu. Gaurko erakusketan, ordea, horietako bat da bereziki deigarria.
"Duela 22 urte inguru hasi, eta tailerrean ahaztuta nuen obra batez oroitu nintzen Aroztegiko ateei begiratzean", dio Andak. Hain zuzen, ahaztutako obra hura ere ate bat da, eta oroitzapen une hark motibatuta bukatu ondoren, gaur erakutsiko du lehen aldiz, nahiz eta erakusketak daraman ildotik irteten den.
Egurrezko eta brontzezko ideiak
Erakusketa 18:00etan irekiko dute, eta bertan izango da Anda, "gerturatzen direnen galderak erantzuteko prest". Aretoa bisitatzen dutenek bere urtetako lanaren hautaketa topatuko dute bertan. Artistaren hitzetan, "obra batzuetan analisi geometrikoa da nagusi, eta beste batzuetan, berriz, alderdi organikoak garrantzi handiagoa hartzen du".
Egurrezko eta brontzezko piezak bildu ditu, eta, tamainari dagokionez, denetarik pixka bat aukeratzen saiatu dela esan du Andak. Urriaren 11ra arte egongo dira obrak ikusgai: martitzenetik egubakoitzera, 18:00etatik 20:30era. Zapatuetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara ere bai, eta domeketan eguerdiko ordu horietan bakarrik.