San Martin jaiak Bergaran 2015

Euriak ez du danbor hotsa isildu Bergaran

Maite Txintxurreta 2015ko ira. 16a, 08:00

Danborradaren ibilbidean zehar zein bukaerako plazako ikuskizunean momentu askotan euria egin bazuen ere, jende ugari bildu zuen San Martin bezperako helduen danborradak, bai danborra jotzen, baita espaloietan ere. Bukaeran, santuaren gurutzeratzean, musika eta dantza ikuskizun berezia izan zen plazan.

Herriko elkarte desberdinetako danbor-jole zein bandera eramaileak 22:30ean irten ziren Burdiñateko Udal Biltegitik, eta plazarainoko ibilbidea egin zuten San Martinen martxaren doinua jotzen.

Honakoa izan zen ibilbidea: kultura etxea, Arruriaga, Masterreka, Bideberri, Fraiskozuri, Herrilagunak, Domingo Irala, Irizar, Barrenkale, San Martin plaza, Bidekurutzeta, San Pedro, Artekale, Arruriaga, Barrenkale, San Martin plaza.

Beranduxeago,  japoniarrak eta haien enperadorearen karroza atera ziren Udal Biltegitik, Martin Deuna preso zeramatela. Hori egiten den lehen aldia da; izan ere, orain arte japoniarrek eta danborjoleek batera egin izan dute ibilbidea. Aurten, Udal Bandak ibilbidea japoniarrekin batera egingo zuela aurreikusten bazen ere, euria zela-eta plazako arkupetan geratu ziren zain musikariak.

Multzo biek haien ibilbidea bukatutakoan, guztiak plazan elkartu ziren eta bertan danborra jotzen jarraitu zuten milaka bergararren begiradapean.

San Martinen errepresentazioa

Danborradaren bukaeran plazan egiten den Martin Deunaren martirioaren errepresentazioa inoiz baino ikusgarriagoa izan da aurten.

Lehendabizi, japoniar musika eta dantza ikuskizuna egin zuten eszenatoki gainean, herriko jendearen eskutik. Valen Moñux izan da, aurten ere, ikuskizun hori zuzentzeaz arduratu dena.

San Martin presoa gurutzera eraman eta hiltzeko unea, berriz, piroteknia ikuskizun batez lagundu zuten, eta udaletxeko balkoietan danborradako banderak astindu bitartean suzko erruberek apaindu zuten Bergarako zerua.

 

 

 

 

Erlazionatuak

San Martin bezperako danborradako irudiak

Maite Txintxurreta 2015 ira 16 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak