"Beste txapelketa batzuetan indartsuago ibili izan gara eta gaur ez genuen espero irabazterik. Izugarrizko maila egon da, gainera, hortaz, benetan pozik gaude", esan du Artolak txapelketa bukaeran. Urtarrilean osatu zuten bikotea Artolak eta Besadak, eta maiatzean txapelketak jokatzen hasi; hasi eta irabazi, hortaz, irabaztea zer den ondo dakien bikotea da.
Zazpi bikote bakarrik elkartu dira –zortzigarreneko bikotekide batek min hartu du azken unean– baina txapelketa benetan polita izan dela aitortu du Ander Garitaonaindia dantzari ohiak, epaimahaiko kideak: "Oso polita izan da txapelketa bikote gutxi egon arren eta maila handikoa. Arin-arinean behera egin badute ere apur bat, fandangoa izugarria izan da".
Gakoa zailtasunean
Zailtasuna, erritmoa, gorputzaren goiko aldearen mugimendua eta emozioak baloratzen ditu epaimahaiak. Eta ez dute zalantzarik izan txapelduna hautatzeko orduan. Gainerako postuen artean, ostera, lehia estua izan dela onartu du Garitaonaindiak: "Zailtasunean egon da gakoa, erritmoan ondo ibili direlako guztiak. Eta irabazlea gehiago izan da zailtasunean. Bigarrenak, hirugarrenak eta laugarrenak, ostera, puntu pare baten aldea bakarrik izan dute".
Bergarako bikoterik ez da izan, ezta Debagoienekorik ere. Hala ere itxaropentsu daude Bergarako musika eskolako kideak: "Iaz sortu genuen dantza eskola eta 45 bat gaztetxo dabiltza aurten. Hortaz, poliki-poliki badoa berreskuratzen galduta zegoen euskal dantzen haria", jakinarazi du Nekane Gabilondok, dantza taldeko arduradunak.