Juan Jose Murgiondo: Artzaintza gustatu egin behar zaizu, bestela zaila da aurrera egitea"

Maialen Torres 2015ko ira. 11a, 18:00

Gipuzkoako Artzain Egunean omendu dituzte Juan Jose Murgiondo Aierdi eta Rosario Belastegi, urteetan zehar egindako lanagatik. IKUSI ELKARRIZKETA

Joan den domekan Gipuzkoako Artzain Eguneko protagonista izan ziren Juan Jose Murgiondo Aierdi eta Rosario Belastegi senar-emazteak. Izan ere, Legazpiko ospakizunean omenaldia jaso zuten urte askoan artzaintzan egindako lanagatik.

Eguna pozik gogoratzen dute biek, "gustura" ibili baitziren, besteak beste, herri bazkarian eta Gipuzkoako artzain-txakurren lehiaketa ikusten, baina aitortu dute jendaurreko omenaldian lotsa izpi bat izan zutela. "Oholtza gainean igo eta protagonista izatea ez da gehien gustatzen zaiguna", azaldu dute. Omenaldia bera, ordea, asko eskertu dute, "bizitza osoko lanaren aitortza" delako eurentzat, eta aspaldiko lagunekin elkartzeko aukera ere izan dutelako horren aitzakian.

Artzaintzan hastapenak

Gaztetan izan zuten lehen harremana biek artzaintzarekin, baina ez zuten hasieratik behin betiko ogibidetzat hartu. Izan ere, emazteak bultzatuta lantegian lanean ibili zen Murgiondo, baina, pare bat urtez Fagorren lan egin ondoren, lantegia utzi eta berriz artzaintzari ekitea erabaki zuen. "Soldatak, proportzioa kontuan hartuta, askoz ere baxuagoak ziren, eta emaztea eta bi ume nituen orduan, baita horiekiko ardura ere. Segurtasuna eman nahi nien", azaldu du. Horrela ekin zion gaur arte bizitza eskaini dion ofizioari.

Artzaintza gustuko lana zuen Aierdik, baina ondo gogoratzen du ofizioaren gogortasuna: "Jaiegunik ez hartzea hobe zen, bestela gauean lan egin beharra zegoen-eta. Lan asko egin behar da, eta gustatu egin behar zaizu, bestela oso zaila da-eta aurrera egitea".

Egunean egunekoa

Artzaintzatik ateratzen zuten esnea egunean bertan saltzen zutela esan du Belastegik: "Hauek ardiak jetzi ahala, nik, esnea hartu, eta etxez etxe saltzeari ekiten nion". Egunero ehun litro baino gehiago saltzen zituzten orduan, eta asteburuetan beste artzain batzuei erosi behar izaten zieten esnea, bezero guztien eskaera asetzeko.

"Erraz saltzen genuen esnea, litroa 25 pezetatan, merkea zen! Gainera, eskaera ere handiagoa zen", azaldu du Belastegik; eta gogoratzen du behi-esne ekoizleek greba egin zuteneko urtea: "Besterik ezean, jende guztiak ardi-esnea edaten zuen, eta gure salmentek asko egin zuten gora, baita lanak ere!".

Ordutik hona, baina, ohiturak asko aldatu direla uste du Aierdik. "Orain, denek supermerkatuetan saltzen duten kaxako esnea edaten dute, baita baserrikoek ere. Gure bilobek ere ez dakite baserriko esnea edaten, aparra eta esne-gaina kendu egiten dizkiote eta gure garaian hura jateko irrikaz egoten ginen!", dio.

Esnea bakarrik ez, gazta eta ogia ere saldu izan dute urte askoan. Ogia egiten hasteak bizimodua zaildu eta erraztu zien aldi berean. Izan ere, egunero eta jairik hartu gabe, 02:00etan hasten zuten eguna, goizean goizetik ogia egiten hasi, eta labekadaz labekada erantzuten zioten eskaera itzelari. Era berean, ordea, dirua "errazago" egiten zutela aitortu du Aierdik: "Irina kamioikadatan ekartzen genuen, hilean 12.000 kilo edo gehiago". Izan ere, bailarako herri askotan saltzen zuten ogia, Bergaratik hasi eta Aramaioraino.

Gaur egun, ordea, eskaerak behera egin du, eta senar-emazteak ere aspaldi erretiratu ziren. Horregatik, egubakoitzetan eta zapatuetan egiten dute ogia, semeen laguntzarekin. Horrez gain, artaldea 33 ardira murriztu dute.

Erreleboa Aierdin

"Baditugu hiru seme, baina hirurek lantegian egiten dute lan", dio Belastegik. "Laguntzen digute ogiarekin, baina ez dute artzaintzan lan egiteko asmorik etorkizunean", dio. Semeek denborarik ez, eta laguntzaile batek egiten ditu baserriko lan asko, duela 31 urtetik hona. "Hark egiten du gazta, ganaduari jaten ematen dio... edozein lan egiten du; oso mutil fina da", esan du Murgiondok.

Artzaintzaren etorkizuna

Aierdin gertatzen dena ez da, ordea, kasu isolatua. Azkenaldian, artzaintzak nabarmen egin du behera, eta, horregatik, senar-emazteek begi onez ikusten dute Artzain Eskolak eskaintzen duen laguntza. Dena den, ez dute uste nahikoa denik ofizioak jarrai dezan bermatzeko, arazoa ez baita ofizioa ikastea. "Guk lan eginez ikasi genuen artzaintzan, inolako eskolarik jaso gabe; beraz, gogoa duen edonork ere berdin egin lezake", diote.

"Oso zaila da gaur egun artzaintzatik bakarrik bizi izatea. oso enpresa handia izan beharko litzateke errentagarria izateko, eta aurrez baliabiderik ez dutenek, hau da, familiako baserririk, ganadurik, materialik eta lursailik ez dutenek, oso zaila dute zerotik hastea, nahiz eta diru laguntzak jaso", dio Aierdik.

Izan ere, uste du diru laguntzek bultzada ekonomikoa eman diezaioketela artzainari, baina hori ez dela nahikoa egunerokotasunean eta modu jarraituan aurrera egiteko. "Etorkizuna gero eta beltzagoa ikusten diot artzaintzari, gaur egun ezin da-eta bertatik jornalik atera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak