Aitor Payros, estratigrafian maisua

Mirari Altube Arrese 2015ko uzt. 24a, 15:03
Aitor Payros geologo bergararra saria jasotzen Austrian.

Estratigrafia alorrean nazioartean ematen den sari garrantzitsuena jaso du astean Aitor Payros bergararrak, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariak. Austriako Graz hirian egindako STRATI2015-II kongresuan eman diote. Lau urtean behin banatzen dute sari hori eta Europako hirugarrena izan da jasotzen.

Getxoko Gorrondatxe hondartzako labarrak hamar urtetan ikertu ostean deskubritu du estratuak datatzerakoan zegoen akatsa: "50 urtetan ontzat emandako denbora geologikoaren eskalako zati bat hankaz gora jarri genuen. Eta ez urte horietan gai horretan inork lan egin ez zuelako, guk egindako lan mota hori ohikoa baita. Baina inor ez zen konturatu eskala horrek akatsak zituela, hiru milioi urte baino gehiagokoak", jakinarazi du Payrosek.

Harropuzkeriarik gabe

Leioan egin zituen Geologia ikasketak, baita ikerketa doktoretza tesia ere. Gero irakasle eta ikerlari jarraitu du han, horregatik ez da arraroa Bizkaiko kostaldean aurkitzea bergararra: "Getxoko labarrak unibertsitatetik hamabost minutura daude, eta geologikoki bikainak dira". Deskubritutakoa handia izan arren apaltasunez hartu du: "Guk gure lana egiten dugu, beste edonork bezala. Zortea eduki genuen bilatzen ari ez ginen zerbait aurkitu genuelako eta aurkikuntza horrek garrantzia zuelako. Gainera, beste ondorio batzuk ere ekarri dituelako. Beraz, pozik bai, baina apaltasunez, harropuzkeriarik gabe. Gu izan beharrean beste norbaitek begiratu izan balu toki eta modu egokian, saria berea izango litzateke", dio eta gaineratu du: "Hori bai, begiratzen jakin beharra zegoen. Uste dut Pasteur izan zela esan zuena zorteak prestatuta dagoenari laguntzen diola. Zorionez, prest geunden eta zortea gure alde".

Errekonozimenduak beste poz batzuk ere ekarri ditu: "Gure alternatiba zuzena zela onartu zenean lasaitasuna hartu genuen eta baita nolabaiteko errekonozimendua ere. Gerora izan ditugu beste poz batzuk ere, adibidez guk lan egindako tokia adin horretako arroketarako munduko erreferente izendatu izana".

Naroa Martinez ikaslea, saritua

Martitzenean jaso zuen saria Austrian, kongresuan elkartutako adituen aurrean. "Hasieran lotsati eta urduri samar egon nintzen, nire arloko aditu handienak zeudelako eta normalean jende mota hori urrunetik ikustera ohituta gaudelako, ez talde barrutik. Hankak dardarka sentitzen nituen! Dena den, badirudi eskerroneko hitzaldia ondo irten zela", dio. Pozak, baina, ez dira horrekin bukatu; izan ere, haren ikasle den Naroa Martinezi ikasleen arteko aurkezpen onenaren saria eman diote kongresuan. "Antolatzaileek esan duten moduan, oraingoan euskaldunok dena irabazi dugu!".

Familiarekin joan da eta kongresua bukatutakoan merezitako oporraldia hasiko du: "Eman didatena bezalako sariak jasotzea ez da ohikoa, ez zait besterik tokatuko. Beraz, bizitzan behin izanda, familiarekin etorri naiz Austrian zehar bidaiatxo bat egiteko"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak