Xabier Agirre: "Nire pintura nahiko zuzena da, ez du inolako digestio traketsik sortzen"

Julen Iriondo 2015ko uzt. 10a, 09:49

Xabier Agirre (Bergara, 1955) gazte-gaztetan hasi zen pintatzen, eta Bilbon eta Parisen osatu zuen bere prestakuntza. Gaur egun, irakasle da EHUko Arte Ederren Fakultatean. 39 koadro jarri ditu Aroztegin, azken hiruzpalau urteetakoak ia denak. Naturatik hurbil da erakusketaren goiburua.


Zer moduzko erantzuna izaten ari da erakusketa?
Badakit hemen jende asko sartzen dela, eta pozgarria da. Kasu honetan, astebete eskasean 456 lagun pasatu dira. Areto hau herri erdi-erdian dago, eta jendea, kaletik pasatzean, sartu egiten da.
Egongo dira, baina, Xabier Agirrek erakusketa jarri duela-eta propio sartzen direnak ere.
Bai, ezagutzen nauen jendea edo nire pinturaren jarraipen bat egin dutenak etortzen dira, noski. Baina kaletik doan jendea ere bai, eta hori pozgarria da.
Eta ze inpresio jaso dituzu?
Adituak direnek nabarmentzen dituzte kolorea, pintura kolorista dela, kontrasteak –indarra– eta ñabardura asko dituztela koloreetan. Hori da jendearengandik entzun dudana.
Esango zenuke ikusteko eta ulertzeko koadro errazak direla zureak?
Bai, nire pintura nahiko zuzena da, ez du inolako digestio traketsik sortzen. Figurazioa da, paisaiak dira. Margolari bakoitzak bere erara interpretatzen ditu gauza horiek, eta nireak aipatutako ezaugarri horiek ditu; koloreak jartzeko modua: margolari baten ezaugarri nagusia hori da, paletatik ateratzen diren koloreak koadroaren gainean nola jarri, horren araberakoa izaten da bakoitzaren estiloa, eta bakoitzak egiten duen interpretazioa gaiari buruz. Nire pinturak nahikoa errazak dira, zentzu horretan; ze berehala eramaten gaituzte deskribatu nahi den hori erraz ulertzera. Badago, hala ere, hurbilduz gero, zatitxoetan fijatzea eta pintura puska ia-ia abstraktuak topatzea ere.
Eta ze leku dira pintatzeko aukeratzen dituzun horiek?
Dira betidanik apreziatu izan ditudan lekuak: nire gaztaroko natura zatiak... Nire ikasleei esaten diet: "Margotzeko ez da behar aitzakia handirik: nahikoa da, besterik ez daukagunean, behera begiratu eta zigarro-mutxikin bat eta arbola hosto bat han baditugu hori koadroren erdian zentratzea, hor harreman kromatiko bat sortzen da eta koadro dezente bat egiteko aukera daukagu". Nire pinturan ere horrelako zerbait gertatzen da. Sarritan, kotxean zoazenean ikusten duzu leku bat zerbaitegatik hunkitzen zaituena; geratu, atera argazki bat, bisitatu apur bat lekua eta kito, hor dago aitzakia margotzeko. Hemen denetik dago: daude Siziliako paisaiak, nahikotxo; bi bidaia egin genituen hara: handik ekarritako materiala eta han bizitako sentsazioak azalerazten dituzte. Badaude Bizkaiko leku asko ere, ze Bizkaian denbora luzez bizi izan naiz... Denetik dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak