Laukote formatuan egingo du gaurkoa, puntako musikariak alboan dituela: Iñaki Salvador, pianoan; Hasier Oleaga, baterian; eta Javier Mayor, kontrabaxuan. "Duela hamar urte hasi ginen elkarrekin jotzen. Nire bigarren familia dira. Oso ondo ezagutzen dugu elkar; Espoloira hurbiltzen direnek sumatuko dute segituan".
'Scat' diskoaren aurkezpena
Orain dela hilabete gutxi kaleratu zuten Scat diskoa aurkeztuko dute gaur, orain arte inon erakutsi ez dutena. "Hauxe da nire azkeneko diskoa, eta, modu baten, lehenengoa ere bai. Lagunekin batera atera badut ere, orain arte egin dudan proiektu pertsonalena da. Urte mordoa kostatu zait; arrazoi ekonomikoak eta denbora faltarengatik atzeratu egin da. Sekulako laguntza ere izan dut, ekonomikoa eta morala ere bai. Oso kontentu gaude diskoa Bergaran estreinatuko dugulako".
Lan berriaren izenburuari erreparatuz, jazzetik asko duela suma daiteke. "Scat-ak jazzean ohikoak diren inprobisazio bokaletan erabiltzen diren keinu edo jolasak dira. Hasieratik genuen jazz disko bat egiteko asmoarekin bat dator bete-betean. Beste musikari batzuei ez moduan, asko gustatzen zait egiten dudan musikari etiketak jartzea. Emaitza musikala uste baino oparoagoa izan da, jazzaz gain beste erritmo batzuk ere loratu dira-eta. Jendeak esan dit autorretratu polita atera dela".
Protagonista nagusia Ainara Ortega bada ere, taldekideek diskoaren azalean lekua izan behar zutela argi zuela dio: Iñaki Salvador, Hasier Oleaga eta Javier Mayor dira Ortegaren taldekideak. Puntako kolaboratzaileak ere izan dituzte: Mikel Andueza (saxoa), Baptiste Techer (tronboia) eta Amaia Zubiria.
Bost hizkuntzatan kantatuta
Euskaraz eta gazteleraz gainera, ingelesez eta "asko maite duen" portugaleraz ere abesten du. Horiez gainera, inprobisazio-bokal horiek bosgarren hizkuntzatzat ere har daitezkeela dio.
Zeri kantatzen dion galdetuta, hau dio: "Jazzeko letrak, zorionez, ez ditugu larregi ulertzen". Scat-en, bi kantu konposatu ditu: "Gaztelerazkoa oso ironikoa da eta euskarazkoa, berriz, hunkigarriagoa, falta ditugun euskal kantariei eskainitakoa. Gainontzekoak bertsionatutakoak dira".
Lasai- lasai jarrita entzuteko
Taularen gainean gozatzeko asmoz datorrela dio, eta, duda barik, bergararrei tarte musikal goxoa eskaintzera. "Nire eginbeharra kantatzea da, baina baliteke musika tresnaren bat ere ateratzea. Publikoarekin feedback-a izatea gustatzen zaigu, taularen bi aldeen arteko muga apurtzen saiatzen gara. Asko gustatzen zait jendeak nirekin batera kantuan egiten duenean, eta, dantzan egitera animatuz gero, ni pozik. Iruditzen zait, baina, jarrita ikusteko kontzertua izan daitekeela gaurkoa".