Musika proposamenak uztail eta abuztuan

Eneko Azkarate 2015ko eka. 30a, 14:21

Hona hemen, aurtengo Berumugaren barruan, Espoloian eta Oxirondo plazan izango diren kontzertuak:

KHAMI

Uztailak 3, egubakoitza, 22:00. Espoloia

Khami esperientzia musikal oso berezia da. Askatasun handiz aztertzen ditu euskal kulturako sustrai sakonenak eta benetakoenak, eta beste lurraldeetako folklorearekin alderatu eta nahasten ditu. Euskal Herriko herri musikak eta folkloreak duen izaeran oinarrituta, proiektu honetan musika tresna ugari elkartzen dira (txistuak, danbolinak, albokak, perkusioa, pianoa, gitarrak, kontrabaxua...) goi mailako hainbat musikarik interpretatuta: Garikoitz Mendizabal, Iñaki Salvador, Carlos Sagi, Kike Arza eta Iraide Ansorena.

Helburu horiek lortzeko ahaleginean Carlos Sagi moldatzaile eta konpositorea da buru; bere ardura izan da sei lan original eta hiru euskal herri kanta konposatu, ekoiztu eta zuzentzea. Euskal Herritik abiatuta, oso ibilbide interesgarria eta berezia egingo dute lehen aipatutako musikariek: errepertorio tradizionaletik hasi (Bautista Basterretxe edo Txirritaren Oroigarri) eta munduko beste hainbat lekutara joango dira (Brasil, Europako ekialdea, Asia...), XX. mendeko musika eta jazz berriena ere landuz. Sormenezko ibilbide horretan, musika mota horien guztien elkarren arteko loturak eta sentimendu partekatuak bilatzen ahalegintzen da Khami proiektua, esate baterako, lurrarekiko maitasuna, espiritualitatea edo kantuen handitasuna.

Horrela, euskal kultura eskubide osoz XXI. mendean kokatzen dute. Eta horretarako euskal kulturaren ordezkaririk entzutetsuena nabarmentzen da: txistua, berak egingo ditu-eta anfitrioi lanak bidai berezi horretan.

Honako hauek dira kideak: Carlos Sagi (konposizioa, moldaketak, zuzendaritza, bateria eta perkusioa), Garikoitz Mendizabal (txistuak, txirula eta silbotea), Iñaki Salvador (pianoa), Kike Arza (kontrabaxua) eta Iraide Ansorena (perkusioa).

-----

 

AINARA ORTEGA 'SCAT'

Uztailak 10, barikua, 22:00. Espoloia

Ainara Ortega, ikuskizun honekin, inprobisaziorako modu berezi horren jabe izan diren abeslari askoren zerrendara gehitu zaigu. Gainera, diskoari Scat izena jarri nahi izan dio. Printzipioen aitortza bailitzan proiektu honen zati bat iragartzen digu. Hain zuzen ere, ikuskizun honetan entzuleak hainbat ahots inprobisazioa topatuko ditu errepertorioaren estandarretan.

Hala eta guztiz ere, kontzertu hau Scat-a baino gehiago da. Beste ezeren gainetik musikaren aldarrikapen kosmopolita baten adierazpena da: Ainarak lau hizkuntzatan abesten du (euskara, gaztelera, ingelesa eta portugalera) eta pareko erosotasunez mugitzen da jazz jatorriko kantuetan zein autore kantura gerturatzen duten horietan.

Kantatzeaz gain, abestietako batzuk konposatu ditu, baita errepertorio osoa moldatu ere.  Ezbairik gabe, diziplina anitzeko prestakuntza duela adierazten digu eta gaur egun jazz musikako interpretea izateak eskatzen dituen hainbat erronkei aurre egiteko gaitasuna.

Ainarak jakin ere jakin du talde honen emaitza bikaina eskaintzen duten musikariez inguratzen. Freskotasunez beteriko zuzenekoa eskaintzen dute, hizkuntzen arteko komunikazioa eta hizkera musikalak, Brasilgo lurrinetan paseatuz, New Orleans edota Finlandiakoak, denak ere jazz zaporez bustiaz.

-----

 

GABACHO MAROCONNECTION

Uztailak 17, egubakoitza, 22:00. Espoloia

Gabacho macroconnection taldeak jazz-fusion egiten du, jazz-a beste musika batzuekin bateratzen du: afro-a, gnawa, ekialdekoak, Marokokoak...

Talde hau, Frantzian eta Espainian finkatutakoa, 8 musikarik osatzen dute, eta horietatik 4k abesten dute.

2014. urtean, Bissara diska argitaratu ondoren (2014ko maiatzean, Label Oued zigiluaren pean), taldeak 30 jaialditako bira egin zuen Espainian, Frantzian eta Italian zehar, eta Espainiako prentsan izugarrizko harrera ona izan zuen (El Mundo, El Pais, Tomajazz, Zona de Jazz, Ruta 66, Radio 3...).

Talde ikusgarria da: Marokoko instrumentu tradizionalak ditu, Afrikako eta Maghreb-eko perkusioak, kantuak, metalak, n'goni-a, teklatuak, baxua eta bateria.  Eszenatokian zortzi musikari dira, Espainia, Maroko eta Frantziakoak; maâlem Hamid Moumen maisuaren gidaritzapean, haren kantuen eta guembri-aren (sentipenaren)  babesean.  Taldearen inspirazioa toki askotatik dator: Gnawa musika, musika afrikarra, jazz-a, flamenkoa, bereberren tradizioa..., baina beti estiloak eta mugak gaindituz.

Gabacho macroconnection taldeak 2014. urtean 30etik gorako jaialditan jo du, Espainian, Frantzian eta Italian.

-----

 

MÛ MBANA & CRISTOBAL MONTESDEOCA

Uztailak 24, egubakoitza, 22:00. Espoloia

Mû Mbana, ahotsa, gitarra, sinbi-a, tonkorongh-a eta musikagintza. Ikerlari eta alkimista nekaezina.

Mû musikaria Ginea Bissaun jaio zen, Bolama uhartean, eta gertuan zuen musikari lotuta hazi eta hezi zen, batez ere emakumezkoen kantuek eta Brame (Mancanha) eta Bidjugu herrietako erlijio-kantuek eraginda.

Bakarlari gisa izan duen ibilbidean, beste musikari handi batzuekin ere jo du; hala nola, Manu Dibango musikariarekin, Kathy Autrey gospel-abeslariarekin, edo La Locomotora Negra taldearekin.

Diskoak grabatzean ere lankide izan dute Simão Felix-ek, Selva de Mar-ek, Rosa Zaragoza-k eta Almasala-k, besteak beste.

Baina, aldi berean, bere proiektu propioak ere garatzen ditu; hala nola, Qbamba, Nua Trio, Djumbai, Mû & Sasha, Mario Baba Mû, eta berri-berriena Colectivo BDB.

-----

 

ANTONIO LIZANA

Abuztuak 5, eguaztena, 20:00. Oxirondo plaza

Antonio Lizanak (saxofoia, kantua) Donostiako Musikene goi mailako kontserbatorioan ikasi zuen, jazz espezialitatean. Profesional gisa lan egin du, besteak beste, honako artistekin: Manolo Carrasco, EA!, Maita Vende Cá, Los Atlánticos, Mario Díaz, Miguel Ríos, Chambao, Raimundo Amador edo José Mercé, beste askoren artean. Orain gutxi, Nueva York-eko Symphony Place-n jardun du Arturo O'Farrill-en Afro-latin-jazz orchestrarekin lankidetzan, kantuan eta saxofoiarekin, Jerry eta Andy Gonzalez-ekin batera.

Halaber, lankide jardun du Afrodisian Orchestra-rekin (Miguel Blanco-ren zuzendaritzapean), eta bere berezko proiektuan ere badabil (Antonio Lizana proiektua).

De Viento: Hemen Antoniok kolore berri batzuk sartzen ditu, bere lurraldekoak, zehazki perkusioa eta koruak; eta horiek bat egiten dute bateria, baxu, saxo eta pianoarekin. Horrela lortzen du gaur egun duen sonoritatea.

Taldeak zuzenean ekitaldi sutsuak eskaintzen ditu, freskotasun eta intentsitatez beteak, Cadizetik irten eta Nueva Yorkerainoko bidaia, xalotasun mezuaz baina aldi berean jai-giroan.

Inongo konbentzionalismotatik urrun, Antonio Lizanak bira osoa eman dio bere musikari eta estilo berri bat sortu du, flamenkoaren eta jazzaren artekoa.

-----

 

JON GURRUTXAGA & BANDA

Abuztuak 19, eguaztena, 20:00. Oxirondo plaza

Ia bi hamarkadako ibilbidea du musikari elgoibartarrak, proiektue zberdinekin argitaratutako zortzi disko eta makina bat emanaldi, gehienak Euskal Herrian, baina baita estatuan, Erresuma Batuan eta Alemanian ere.

Arima Beltzarekin eman zituen lehen pausoak Jon Gurrutxagak, bateria eta ahotsean. Blues & rocka zen talde elgoibartarraren formula, sei kantuko EP batekin estreinatu ziren 2000. urtean eta beste bi lan luze ere argitaratu zituzten.

Talde honekin estatu mailako Musikaren Sarietarako izendatua izan zen; Estatu mailako artista esanguratsuen aurretik ere jotzeko aukera ere izan zuen, Raimundo Amador eta Ñaco Goñi, Vargas Blues Band, Tonky Blues Band edota Fito & Los Fitipaldis; Estatu Batuetako Larry McCray gitarjole handiarekin ere partekatu zuen eszenatokia; eta Elorrioko eta Getxoko Nazioarteko Blues jaialdietan kontzertuak eskaini zituen.

Oraindik Arima Beltza bizirik zela, Keu Agirretxea ondarrutarraren UEK hiruko rockeroan bateria lanak egiten hasi zen. Ordurako ondarrutarraren lehen bakar lanetan hainbat kantutan parte hartu zuen Gurrutxagak.

UEK-ekin bi disko grabatu zituen eta makina bat kontzertu eskaini. Andra kantaldearen lehen lanean parte hartu zuen ondoren, bateria eta koroetan “Poto egin nuenekoa” (2010) grabatuz eta zuzenean defendatuz. Abesteko zuen gogoari erantzunez, urte horretan bertan Jon & Sugramas proiektua sortu zuen, ingelesez eta euskaraz abestuta, 70eko hamarkadan oinarritutako rock egitasmoa.

Elgoibartarra diskoko kantu guztien konposaketaz arduratu zen eta ia hitz guztiak ere berak idatzi zituen. 2014ko urrian bere lehen bakar lana argitaratu zuen, Hitz lauz (Gaztelupeko Hotsak), lagunez inguraturik osatutako disko semi-akustikoa. Bere ibilbidean beste hainbat musikariren lanetan ere kolaboratu du: Legen Beltza, Keu Agirretxea, Mery May, Cobra, Belceblues.

'Hitz lauz' (Gaztelupeko Hotsak, 2014)

Beasaingo Pottoko estudioan grabatu da lana ekaina eta abuztua bitartean eta Fredi Pelaez musikari eta soinu ingeniaria izan da grabaketaren arduraduna. “Hitz lauz” izenarekin bataiatutako diskoan soinu akustiko eta elektrikoen artean dauden hamar kantu biltzen dira. Blues-aren eraginik ere baduen arren, rock estiloan oinarritzen da lana, musikari elgoibartarrak bere ibilbidean jaso duen musikaren arrastoa. Bestalde, kantuak gitarra akustikoarekin sortuak izan direnez gero, orain arte egin duen lanik intimistena ere bada.

Diskoan ahotsez, gitarra akustikoaz, bateriaz eta harmonikaz arduratu da Gurrutxaga, eta beste instrumentuak grabatzeko hainbat lagun deitu ditu. Gitarra elektrikoetan Keu Agirretxea (UEK, Etsaiak, Fjord), Miguel Laguna (Ai umeen basoa) eta Patxi Zabaleta (Arima Beltza, Andrakan) entzun daitezke, kantuei bakoitzak bere estiloa eskainiz. Baxuak Iñigo Gorritxategik (Lau Mono), Mikel Azkargortak (Mery May & The Muppets) eta Gorka Escauriazak (Oskorri) grabatu dituzte.

Kontrabaxua ere entzun daiteke kantuetako batean, Tanausu Santana kanariarraren eskutik. Piano, hammond eta bestelako teklatuetan, berriz, Fredi Pelaez izan da. Hitzetan ere kolaborazioak izan ditu elgoibartarrak: Xabi Lasa urretxuarra, Uxue Agirre bergararra eta Iñaki Gurrutxaga oriotarra. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak