Pedro Rico: "Hemendik aurrera, uste dut herria gehiago inplikatuko dugula"

Julen Iriondo 2015ko eka. 26a, 08:43

Bergara Kirol Elkarteko presidente jarraituko duela jakinda, datozen lau urteotarako asmoak azaldu ditu Pedro Ricok, hauteskundeak baloratzeaz gain. Agorrosinen belar naturalaren ordez artifiziala jartzeko aukera  mahaigaineratu du, besteak beste.

Beste lau urterako jaso du bazkideen babesa. Botoa emateko aukera zuten 626 bazkideetatik, 202k eman zuten eguaztenean. 101 boto lortu zituen Ricok; Eloy Crespok, berriz, 95 jaso zituen –6 boto zuri egon ziren–.
Zorionak. Pozik egongo zara.
Bai, bai. Batez ere, aldamenean izan ditudan eta lan asko egin duten haiengatik: egindako kirol proiektua, botoak lortzeko egindako lana... Oso zuzendaritza ona edukiko dut, lanerako gogoarekin, ze gehienak berriak izango dira, eta nahi dut beste hautagaitzakoekin ere aritzea, gehienekin behintzat.
Parte-hartzearekin pozik?
Bai, nik txikiagoa espero nuen. Parte-hartzea % 30 izan da, baina kontuan izan behar da lehenengo aldia izan dela hauteskundeak egin direna. Bazkideek erantzun egin dute, eta eskerrak eman nahi dizkiet.
Esan nahi du jendeari inporta diola klubak, kirolak...
Bai, eta hemendik aurrera uste dut herria gehiago inplikatuko dugula, ea lortzen dugun inplika daitezen, Arrasaten, Aretxabaletan... bezala. Han, herriko merkataritza dena inplikatuta dago, baina ulertzen dut hemen dena ez dela futbola, kirol gehiago daudela eta denek izan behar dutela laguntza.
Kirol proiektua aurkeztu zenuten. Zeintzuk dira ardatzak?
Lehena da txikien heziketa, barneratu dezatela Bergara Kirol Elkartean daudela, ez Realean, ez Athleticen, ez beste edozein talde handitan; borrokatu dezatela lehen taldera iristeko. Eta, baliagarri izan daitekeen beste inor baztertu gabe, harrobia landu nahi dugu. Balioak ere erakutsi behar zaizkie, ze asko ari da galtzen gainerakoekiko errespetuan-eta.
Eta emakumeen futbolarekin zer?
Emakumeen futbola bultzatu behar da, eta Bergaran ez badago taldea ateratzeko nahikoa jende, Arrasaterekin edo Oñatirekin elkartu, agian, eta erdibana atera taldea. Emakumeen kirola bultzatu behar da.
Instalazioak berritu beharra aipatu duzue.
Hitz egin behar dugu Udalarekin. Agorrosingoa konpondu behar dugu, ze belar naturala mantentzea gastu handia da Udalarentzat. Hitz egin dugu Udalak belar artifiziala jartzeko aukeraz, eta eurek kudea dezatela Agorrosin, baldintza batzuekin. Baina ez litzateke denboraldi honetarako izango.
Eta kirol elkarteko beste sailak –pilota, eskubaloia eta saskibaloia–, zer?
Nahi genuke orain arte baino harreman handiagoa izatea elkarren artean; baditugu hobetzeko gauzak, norabide guztietan, nire ustez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak