Pedro Ricoren hautagaitza nagusitu da Bergara Kirol Elkartea gidatzeko bozketan

Eneko Azkarate 2015ko eka. 25a, 08:32

Pedro Ricoren hautagaitzak irabazi ditu Bergara Kirol Elkarteko hauteskundeak. Gutxigatik bada ere, azkeneko urteotatik herriko kirol elkarterik nagusiaren buruan dagoenak jarraituko du zeregin horretan. 101 boto lortu zituen atzo; Eloy Crespok, beste hautagaitzaren buruak, 95 lortu zituen. Sei boto zuri jaso ziren. 202 lagunek eman zuten botoa. Horietatik asko gazteak. Bozketa atzo egin zen Irizar jauregian.

Kirol elkarteetan ez ohikoa dena gertatu da aurten Bergara Kirol Elkartean. Berau zuzentzeko hautagaitza bat baino gehiago egotea. Ohikoa izaten da inork ez nahi izatea ardura hori hartzea. Ez da BKEren kasua, une honetan. Bi hautagaitza elkartea gidatzeko, honenbestez eta, aukeraketa, hautestontzietan: Pedro Ricorena, batetik; Eloy Cresporena, bestetik; BKEko futbol talde nagusiko jokalari eta kapitainarena. Lehenengoa garaile.

626 lagunek zuten botoa emateko eskubidea, elkarteko bazkide eta jokalari federatuen artean. %30eko parte hartzea. 202 lagun hurbildu ziren Irizar jauregiko hauteslekura.

"Kirolarien formazio integrala"

Orain arteko presidenteak bere hautagaitzan jende "berria" egotea azpimarratu du, "ideien berritzerako berme" dela esanez; egungo taldetik berak bakarrik jarraitzen du, nahiz eta lehenago zuzendaritzan jardundako jendea baduen lagun, Iñigo Zaitegi, "Bergarak izan duen presidente onenetakoa", tartean.
Kirol arloan, Manu Diazek eta Enrike Nietok, "talde nagusiak azken bi igoeretan izan zituen entrenatzaileek", hartuko lukete ardura, "prestatu duten eta denon konfiantza duen proiektua garatzeko". "Arrakasta izan duten ereduak" jarraituta egin dutela dio.

"Emakumezkoen futbola garatzeko plana" egitea, berriz, Iñaki Lazkanoren egitekoa litzateke. Ororen gainetik, baina, "kirolarien formazio integrala" izango dute helburu: "Balioen sustapena gakoa izango da".
"Geroago eta kirolari gehiago" dituztela eta azkenaldiko kirol emaitzak, "oro har, oso onak" izan direla dio Ricok, "nahiz eta futbol talde nagusia jaitsi".

Agorrosin eta Ipintza "birmoldatu" beharraz dihardu, egungo instalazioak ez direlako nahikoa eta "zahartuta" daudelako. Saskibaloi, eskubaloi eta pilota sailekin "elkarlana" nahi dute, "autonomia errespetatuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak