Ekainaren 24an, San Juan eguna, Euskal Herriko errekortadore taldearen ikuskizuna egongo da Laubideko zezen-plazan, 19:30ean hasita.
Hurrengo egunean, 18:30ean, haurrentzako errekortadore eskola egingo dute toki berean, Bergarako Zezenak taldeko errekortadoreen eskutik.
Egubakoitzean, hilak 26, errekortadore gaztetxoen txanda iritsiko da. Bertan, 16 urtez azpiko gazteek euren abileziak erakutsiko dituzte jendaurrean, 18:30etik aurrera.
Plaza, beteta
Blas Cruz errekortadoreak (Arrasate, 1981) hamabost urte daramatza zezen-plazetan ikuskizuna ematen, eta umetatik izan du bigantxekiko zaletasuna. Aurten ere herrian arituko da Bergarako Zezenak taldearekin. Harekin batera, taldekide dituen Iker Agirre Txili, Unai Arana Xurra, Aitor Jaso eta Iñigo Almortza bergararrak izango dira ganaduaren aurrean jarriko direnak. Eguaztenean egingo den Euskal Herriko errekortadoreen erakustaldian ere parte hartuko dute haiek guztiek.
Cruzek adierazi duenez, nor bere herriko zezen-plazan aritzea beti berezia den arren, "erantzukizun handia" ere badakar. Hala ere, jende ezagunaren aurrean aritzea "beti da pozgarria", errekortadorearen esanetan.
Arrasaten dagoen zaletasunagatik galdetuta, berriz, zera dio: "Ez dakit jendearen zaletasunagatik edo jada ohitura bihurtu delako izango den, baina plaza beti betetzen da". Haren ustez, jendea gustura joaten da zezen-plazako ekintzetara.
Herriko belaunaldi berria
Errekortadore gaztetxoen erakustaldian 16 urtetik beherakoak arituko dira, eta bertan ere izango da herriko ordezkaririk. Iker Elices eta Aitor Murgiondo gazte arrasatearrak aterako dira hondar gainera herrikideen begiradapean bigantxei iskin egitera.
Bergarako Zezenak taldekoekin hasi ziren ikasten biak. "Ondo ari dira biak, ea hemendik aurrera ere horrela jarraitzen duten", dio Blas Cruzek.
Errekortadore eskola
Ekainaren 25ean, eguena, Bergarako Zezenak ganadutegiko kideak Arrasateko neska-mutikoei euren teknikak erakusten arituko dira herriko kaleetan zehar.
Gezurrezko erruberadun zezen bat aterako dute lehenbizi, eta ondoren benetako bigantxekin saiatzeko ordua iritsiko da ausartenentzat. Bergarako Zezenak ganadutegiko Iñigo Almortzaren esanetan, "gaztetxoak mundu honetan parte hartzera animatzea da helburua". Azaldu du Arrasaten eta Debagoienean oso neska-mutiko abilak daudela; horren adibide: Aitor Murgiondo. Iazko San Juan jaietan errekortadore eskolan parte hartu zuen, eta, haren dohainak ikusita, hurrengo eguneko erakustaldian haiekin batera ateratzera gonbidatu zuten. Orduan egin zuen debuta.
"Oso harrobi ona daukagu, eta hau landu eta handitzen jarraitu nahi dugu", dio Almortzak. Neskak animatu nahi ditu, bereziki. "Oso ondo moldatzen diren neskak etortzen dira errekortadore eskolara, baina oraindik bat ere ez da animatu gurekin plazara ateratzera", azaldu du.