Bidekurutzetako irisgarritasuna hobetzeko lanen prestaketa dela-eta, Erregetxo plazako aparkalekuetan ezin da dagoeneko autorik utzi, kasetentzako eta obrako materialarentzako gorde baitute lekua. Obrak iraun bitartean hala izango da.
Obrak ekainaren 15ean hasiko dira eta, ondorioz, aldaketak izango dira, Bidekurutzetako zonaldea itxita egongo baita motordun ibilgailuen zirkulaziorako. Alde batetik, erdigunera sartzeko Irizarreko sarrera zabalik egongo da uneoro eta lanorduetan Artekaletik izango da irteera, obrak hasi eta hiru astez gutxi gorabehera. Lanorduetatik kanpo eta aipatutako hiru aste horiek igarota, alde zaharreko irteera Bidekurutzetatik izango da.
Bestetik, Zabalotegitik eta Espoloitik datozen ibilgailuak Mariaren Lagundiaren paretik palmerako errotondara zuzenduko dira. Irisgarritasun lanen iraupena hiru hilabetekoa izatea aurreikusten da eta, horrela, iraila erdialdera arte ibilgailuen zirkulazioa era horretan bideratuko da.