Zein sendabelar dira gure inguruan gehien erabiltzen direnak??
Asko daude. Adibidez, burura datozkit San Juan belarra, birika-belarra, iruntzia... baina beste asko ere topa daitezke. Gainera, udaberria garai ona da belarrak biltzeko, loratu egiten baitira. Orain batu eta sikatzen utzita, urte osorako gorde daitezke.
Zertarako erabiltzen dira?
Erabilera ugari izan ditzakete, landare bakoitzak propietate asko izan ohi ditu eta. Besteak beste, prebentziorako erabili daitezke infusio edo xarabeak eginez, edota ukenduak egin daitezke kolpeentzat eta dermatitisarentzat. Haizeak, digestio txarra eta antzekoak izaten dituzten pertsonentzat ere oso baliagarriak dira.
Asko galdu da sendabelarrak erabiltzeko ohitura?
Bai. Gaur egun gaixotasunaren alderdi fisikoari begiratzen diogu gehienbat. Lehen sendabelarrak erabiltzea oso ohikoa zen, eta orain, aldiz, naturista batengana jo behar duzu, medikuek ez baitituzte errezetatzen.
Errazegi jotzen dugu medikamentuetara?
Sendabelarrekin sendatu nahi ezkero, norberaren bizi erritmoa tarte batez moteldu behar da, eta sarritan ez gara horretarako prest egoten. Hori dela eta, konponbiderik azkarrena bilatu ohi dugu eta horretarako pastila eta antibiotikoak hartzen ditugu ia beti. Nik uste dut medikuntza tradizionala eta sendabelarrak bateratu egin beharko liratekeela; izan ere, bakoitzak bere funtzioa betetzen du, eta sendabelarrak erabiltzearen aldekoa izateak ez du esan nahi medikuntza tradizionalaren aurka egotea.