Pentsatzen dut domekako emaitza gogorra eta haren ondorioak, alkatetza galtzea, asimilatzen egongo zaretela...
Ez genuen horrelakorik espero eta, nola ez, gure ilusioak zapuztuta eta triste sentitzen gara. Lau urte oso gogorrak izan dira, alde batetik egoera ekonomikoak ez duelako batere lagundu eta, bestetik, jarrera ez eraikitzailea izan duen oposizioa izan dugulako. Hala ere, politika sozialean indarra jartzen ahalegindu gara, baina bistan da ez dugula ondo transmititu. Dena dela, egindakoaz harro sentitzen gara eta benetan sinetsi dugulako jarri dugu indarra egin dugun guztian, nahiz eta onartu dena ez dugula ondo egin.
Emaitzen ze irakurketa egiten duzu?
Arrazoi bakarra ez dela izan argi ikusten dugu, arrazoi posibleak sakonago aztertuko dira datozen egunotan, jendearen balorazioak entzun eta hortik ikasi. 2011ko emaitzak puztutakoak ziren, jendeak hainbat motibogatik Bildu hautatu zuen, oraingoan, aldiz, sektore handi batek beste hautu bat egin du. Hondakinen aferak, noski, bere pisua izan du, gai hau maisuki erabili du EAJk herritarrak aurka mobilizatzeko. Inposatu nahi ziguten errauskailua geldiaraztea lortu zen, baina horren ordaina hauteskundeetan kitatu da; orain ea zer gertatzen den honen inguruan. Bergaran etxebizitza hutsen IBI errekarguak ere hautsak harrotu ditu, guretzat luxua da etxeak hutsik eta hondatzen izatea eta, besteak beste, etxe hauek mobilizatzeko jarri genuen errekargua. Gipuzkoak eskuinerako joera hartu du, hori nahiko orokorra izan da. Bestalde, deigarria da korrupzio kasuegatik edo gestio eskasagatik zalantzazkoak ziren hautagaiak zigortu ordez, saritu egin direla bozka bidez, hori oso kezkagarria iruditzen zait.
Zer adieraziko zenioke egoera honetan bergararrei?
Bergarar guztion ongizatea izan da gure lehentasuna; hala ere, beraien espektatibak guregan jarri eta desengainatuta sentitu diren guztiei asmatu ez izana sentitzen dugula adierazi nahi diegu. Jendearen berotasuna eta errekonozimendua ere sentitu dugu eta guztiei eskertu nahi diegu lerro hauen bitartez.
Zela baloratuko zenuke agintaldia? Egindakotik zer nabarmenduko zenuke, egin gabe utziak, zailtasunak, harremanak…
Legegintzaldian zehar hainbat proiektu bideratu ditugu, guztiak Plan Estrategikoan markatutakoak, nabarmentzekoak Laboratorium museoa, azoka biziberritzea, ludoteka, Bergarako komertzioa sustatzea, Kultura aretoa, Seminarioa-Arrizuriaga permuta, bidegorri sarea, Kirola eta Kultura kalera, alokairu soziala sustatzeko programa… Bideratuta beste hainbat uzten ditugu, Lorentxokon eguneko zentro berria, Bidekurutzetako eta San Antonioko berrurbanizazio lanak, hainbat urbanizazio proiekturen idazketak… Aurreko legegintzaldian hasitako eredu berriarekin jarraituz, herritar eta udal langileekin harremanak hurbilak izan dira, eragile eta talde desberdinekin egunerokoan lana egin dugu eta oso aberasgarria suertatu zaigu, mila esker guztioi. Beste alderdikideekin izan dugun harremana, bereziki PNVarekin, benetan zaila izan da, ez dute proposamen eraikitzailerik egin, fiskalizazioa eta kritika suntsitzailea izan dira nagusi, ez dugu topatu elkarlanerako aukerarik ia inoiz. Dena dela lanean jarraituko dugu justizia sozialean, eraldaketan eta beste eredu bat posible dela sinesten dugulako.
Ze irakaspen atera duzue Bergaran lau urteotan egindako lana eta hauteskundeotan izan dituzuen emaitzak ikusita?
Behazunaren mikatza dastatu dugu. Talde oso preparatua osatu genuen eta dena eman dugu, herritarrekin lanean jardun dugu etengabe, parte hartzeko aukerak arlo desberdinetan ireki dira, baina umiltasunez onartu behar dugu ez dugula beti asmatu.
Erraza ez da izan: hor dago zu zeu alkatetzara iritsi izana ere, Jesus Elortza ordezkatuz...
Legegintzaldiaren erdian alkate kargua hartu beharrean aurkitu nintzen, hala ere, jarraikortasuna izan zen nagusi, guk taldean funtzionatu dugu, lidergo bakarretik ihes eginez, lidergoa konpartitu egin dugu eta horrela arlo desberdinetara iristeko aukera izan dugu, komertzioak, azoka, ekintzailetasuna, parte-hartzea... Horietara guztietara ezin izango ginen iritsi bestela.
Esperientzia pertsonal moduan, nolakoa izan da zuretzako alkate izatea?
Alkate edo zinegotzi izan ardura ez da berdina, pisu espezifiko desberdina dute, baina biak ala biak udala zer den ikus arazten dizute eta honek herritar moduan aberastu egiten zaitu, noski, baina maila pertsonalean pobretzea ere badakar, % 100 udala izan da lau urte hauetan, horrek beste alor guztiak, norbere burua, familia eta lagunak behar den moduan ez zaintzera eramaten zaitu.
Hautetsi izateko zure burua aurkeztuko zenuke berriro?
Ez. Ez dut inoiz politikarako grinarik izan, lau urte hauek, egoerak horrela eskatu zuelako, parentesi bat izan dira nire bizitzan.
Alkatetza utzita, zer egingo du orain Jaione Isazelaiak?
Ikasmaterialak egiten niharduen kargua hartu nuenean; orain irakaskuntzara bueltatuko naiz eta edonork egiten duen bizitza normal bat egitera.