Pazkoak 2015 Bergaran

Elordi-Pujana eta Arteaga-Gorrotxategi nagusi Bergara Hirian

Julen Iriondo 2015ko mai. 26a, 13:17

Ez ziren final politak izan atzo iluntzean Udal Pilotalekuan jokatutakoak. Zabalak eta Garmendiak 5 tanto baino ez zizkieten egin irabazleei promesetan; nagusietan, berriz, hainbesteko alderik ez azken emaitzan –22-16–, baina huts asko egin zituzten, batez ere, Dariok eta Perezek.

Elordi mallabiarra izan zen laukoteko onena Bergara Hiria txapelketako promesa mailako finalean, Pujana markinarrak atzean ondo lagunduta. Ez zuen, hala ere, behar askorik izan Elordik, sakearekin kontrarioak behartu eta erresto osteko errematearekin egin zituen-eta tanto ugari, gantxoz eta txokoan utzita asko.

Nagusien mailako finala ere ez zen partidu polita izan. Perez atzelari urdina pilotara ezin jarriz hasi zen, sake errestoan eta jokoan ere asko galduz. 11-2 aurreratu ziren Arteaga eta Gorrotxategi.

Dariok sakez jarraian egindako lau tantorekin sartu ziren partiduan urdinak, 12-8 jarriz. Abiadura handia eman zien sakeei errioxarrak, eta min egin zuen. Bestela, baina, galtzaile egon zen Dario ere, eta erasoan bi huts eginda alde egin zuten, berriz ere, gorriek. 19-15 eta 20-16 hurbildu ziren berriro, baina gehiago ez.

Eraman beharreko batzuk galdu arren, piloteoan eta pilota jaisten-eta txukun ibili zen Gorrotxategi hernaniarra; bere aurrelaria, Arteaga lasartearra, izan zen, baina, finaleko onena, erremate polit batzuekin.

Gaur, profesionalak

Gaur arratsaldean, berriz, profesional mailako jaialdia egongo da Udal Pilotalekuan, 17:00etan hasita. Jaialdiko lehenengoan Aritz Lasak eta Tolosak eta Jakak eta Ceciliok neurtuko dituzte indarrak. Partidu nagusian, azkenik, Ezkurdia eta Barriola eta Irribarria eta Rezusta ibiliko dira lehian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak